Teslaren aurkako sabotajeak gora egin du azken egunotan, eta Europar Batasunera zabaldu da. Enpresaren karga-estazioen eta kontzesionarioen nahiz marka horretako ibilgailuen aurkako erasoak izan dira, hain zuzen ere, New Yorken, Chicagon, Portlanden eta Frantziako Estatuko eta Portugalgo hainbat lekutan. Tokiko informazioen arabera, kargagailuen suntsitzeak, margoketak eta, kasu batzuetan, eragindako suteak izan dira, sabotaje-ekintzen artean. Portlanden, gizon batek su eman dio kontzesionario bati, kalte materialak eraginez.
Amerikako Estatu Batuetan, protestak egin dituzte Elon Musk seinalatuz, Tesla eta SpaceX konpainien jabeak Donald Trumpen administrazioan duen rola dela-eta. Hainbat martxa eta kontzesionarioen okupazioak antolatu dituzte, Manhattanen gertatutakoa kasu, non sei pertsona atxilotu zituzten. Chicagon, Take Down Tesla, Trump and Tyranny (Tesla, Trump eta Tirania eraitsi) lelopean berriki egindako mobilizazio batek tentsioa sortu du. Gainera, Tesla markako ibilgailuen jabeen aurkako erasoak ere gertatu dira; besteak beste, margo bidezko seinalatzeak eta mehatxuak.
Musk oligarkak egoerari buruzko iritzia eman du X sare sozialean, "konpainiari emandako babesa" eskertuz eta "ActBluek finantzatutako bost talde" protesten atzean egongo liratekeela esanez. Hala ere, orain arte ez dago erakunde hori gertakariekin lotzen duen frogarik. Aldi berean, Teslaren burtsako kotizazioa %15 jaitsi da azken asteetan, Trumpen garaipenaren ostean maximo historikoa lortu ostean.