ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/02 21:07

Gasteizko Udalak taser pistolak erosiko ditu horretarako "dirua duenean", Segurtasun zinegotziak argitu duenez. Uztailean adierazi zuen arma horiek erosteko asmoa, eta erabakia berretsi du orain zinegotziak. Udan, gazte batek kristalezko botila batekin eraso zion ertzain bati, eta hori probestuta iragarri zuen udalak arma berriak eskuratzeko asmoa.

Poliziek beraiek eskatu diote udalari taser pistolak erosteko, eta gobernuak "abantailak eta desabantailak" aztertu ondoren, erosi egingo dituela erabaki du. Udaltzaingoak dio "segurtasuna handitu eta disuasio-efektua" izan dezaketela pistola elektrikoek, eta justifikaziotzat hartu du "arma txuriak zabaltzen" ari direlako mamua.

Oraingoz, T10 modeloko bi pistola erosteko konpromezua erakutsi du udalak, baina poliziek denera zortzi erostea nahi dute: bi ekipoko kopurua "eskasa" da, haien hitzetan. 18.800 euroko kostua izango dute bi taser pistolek, eta, azaldu dutenez, irudia zein audioa grabatzeko kamera izango dute.

Taser pistolak nonahi

Geroz eta polizia-indar gehiago ari dira taser pistola berriak eskuratzen. Nafarroako hainbat udaltzaingok lortu dituzte arma elektrikoak, besteak beste, Azagran, Azkoienen, Balterran, Cascanten, Corellan, Faltzesen, Funesen, Iruñean, San Adrianen eta Zentronikon. Bizkaian ere hedatzen ari dira arma horiek: Basaurin, Santurtzin eta Sestaon jadanik badituzte taser pistolak udaltzainek, eta Barakaldon, Durangon zein Trapagaranen ere neurria aplikatzeko asmoa dute udalek.

Ertzaintzako BIZKOR unitateek 2017tik daukate arma horiek erabiltzeko baimena, eta jadanik baliatu dituzte. Esate baterako, martxoan, agerraldi psikotikoa izan zuen pertsona baten aurka erabili zuten taser pistola ertzainek, Astigarragan (Gipuzkoa): Poliziaren esku-hartze bortitzean bizia galdu zuen gizonak.

Bestalde, Nafarroako foruzainek 150 taser pistola eskuratuko dituzte aurki, eta horretarako beharrezko araudi-aldaketa jarriko du martxan. Guardia Zibila ere ari da pistola elektrikoak zabaltzen, besteak beste, Nafarroan bertan.

NO HAY COMENTARIOS