ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Sergey Dolzhenko
2023/07/11 11:27

Vilniusen (Lituania) bilduko dira oraingoan NATOren parte diren 31 estatuetako ordezkariak. Gaurtik hasita, bihar arte iraungo du goi-bilerak, eta dagoeneko atera dituzte mahaira Aliantza Atlantikoak heldu beharreko zenbait auzi. Besteak beste, bizi-bizi daude Ukraina eta Suedia NATOren parte bilakatzeari buruzko eztabaidak.

Armak Ukrainara, baina bide garbiegirik ez NATOn sartzeko

Urtebete eta erdi igaro da Ukrainako gerra lehertu zenetik, eta Ukrainako Gobernuak etengabe eskatu badu ere Aliantza Atlantikora sartzeko, badirudi bere sarrerak desadostasuna sortzen duela NATOren barruan. 2008an ireki zen aurrenekoz Ukraina aliatu militar bihurtzeko bidea, esanez estatu kide guztiak ados zeudela Ukraina nahiz Georgia NATOren parte izango zirelako ideiarekin. Hamabost urteren ostean eta gerra baten testuinguruan, ordea, badirudi zatituta daudela aliatuak bide-orri hori egiteko moduari dagokionez.

Antza, Baltikoko herrialdeek eta Ekialdeak konpromiso argi bat erakustearen alde egiten dute; Amerikako Estatu Batuek edota Alemaniak, baina, lausotu egiten dituzte espektatibak. AEBek berriki adierazi dute goizegi dela Ukraina NATOn sartzeko, eta ez dagoela horretarako prest. Ezinbesteko baldintzatat jo du, gainera, Ukraina estatu kide bihurtzeko, hango gerra bukatuta egotea.

Dena den, AEBen ekimenez eta Frantziaren, Erresuma Batuaren nahiz Alemaniaren babesarekin, badirudi Ukrainara gerrarako baliabideak helarazten jarraitzeko konpromisoari eutsiko diotela NATOko kideek. Duela gutxi atera da argitara AEBek erabaki dutela, Ukrainako gerran aurreneko aldiz, luku-bonbak bidaltzea Ukrainara.

Laguntza militarra, hiru zutaberekin

Ikusteke dago, Vilniusko goi-bileraren ostean, zer neurri berri hartuko dituzten Aliantza Atlantikoak eta aliatu bakoitzak Ukrainari eta hango gerrari dagokionez. "Garrantzitsuena eta presazkoena da Ukrainari babes militarra ematea, Errusiak irabazi ez dezan. Gero eta lur-eremu gehiago irabazi, orduan eta indartsua izango da negoziazio-mahaian", esan du berriki NATOko idazkari orokor Jens Stoltenbergek.

Jada iragarri dute hiru esku-hartze zehatz egingo dituela NATOk: Ukrainako indar militarren modernizazioa finantzatzeko urteko plan bat, NATO-Ukraina foroa lehenengo aldiz, eta euren etorkizuna soilik Ukrainak eta aliatuek (Errusia bezalako "hirugarren eragile" batzuek eragin gabe) erabakiko dutela jasoko duen idatzizko akordio bat.

Suedia, kide izatetik gertu

Goi-bileraren atarian, Turkiak jakinarazi du orain arte jarritako betoa kenduko diola Suediari, eta NATOren parte izatetik pauso batera kokatu du horrek. Beharrezkoa izango da, dena den, Turkiako Asanbleak eta Hungariako Parlamentuak ofizialki berrestea hautu hori.

Trukean, Turkiak jarritako zenbait exijentzia bete ditu aurretik Suediako Gobernuak: nagusiki, Konstituzioa aldatu behar izan du, "terrorismoaren kontrako" legea gogortu behar izan du, eta PKK-ko zenbait kide deportatu behar izan ditu. Antzeko exijentziak egin zizkion Finlandiari, NATOren parte bilakatzea ez oztopatzearen truke.

NO HAY COMENTARIOS