ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/01 09:39

Larunbatean bete ziren 78 urte Nazio Batuen Erakundeak zatiketa-plana ezarri zuenetik Palestinan, eta horren harira, "bi estatuen irtenbidea" aterabide faltsu bat dela eta nazioarteko erakundeak Palestinako sarraskiaren erantzule direla salatzeko mobilizazioak izan dira asteburuan. Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatuta, Iruñean (Nafarroa), Gasteizen (Araba), Donostian (Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia), Baionan (Lapurdi) eta Altsasun (Nafarroa) mobilizatu ziren ehunka lagun ostiralean eta larunbatean zehar.

Zatiketa-plana seinalatzearekin batera, AEBek sustatuta eta NBEren babesarekin berriki ezarritako "su-etenerako akordioa" ere seinalatu du Palestinarekin Elkartasunak, ituna iruzur bat dela esanez. Azaldu du Israelek ez dituela palestinarren aurkako "kolonizazioa eta genozidioa eten", eta su-etenaren "lehen egunetik urratu" dutela akordioa sionistek: "Bonbardaketak, erailketak eta blokeoak mantendu ditu Israelek; ia 500 palestinar erail eta milaka zauritu eragin ditu". Uste du, hala, Trumpek bultzatutako planaren helburua dela "garbiketa etnikoa mantentzea".

"Palestina askatzeko berme bakarra Israelgo Estatuaren desagerpena dela" gogorarazi du plataformak asteburuko protestetan, eta "su-eten faltsuak bilatzen duen desmobilizazioaren aurrean", beharrezkotzat jo du "palestinar herriaren eta bere erresistentziaren alde" eta "Israel eta Mendebaldeko bere konplizeen aurka" mobilizatzen segitzea. Izan ere, "Mendebaldeko potentzia inperialisten inpunitatearen aurrean, herri eta langileon elkartasun internazionalista artikulatzeko beharra" azpimarratu du berriz: "Israel indartzen duten konplize guztien aurka borrokatzen jarraituko dugu".

NO HAY COMENTARIOS