Oraingoan ere, izugarriak eta bortitzak dira Palestinatik argitara ateratzen ari diren azken irudiak, sionistek palestinarren kontra egiten ari diren genozidioa erakusten dutenak. Berriki, hainbat palestinar zibil bahitu dituzte soldadu sionistek; itxura denez, Beit Lahia inguruan gertatu da, Gazako Zerrendako iparraldean. Zehazki, eraso israeldarren ondorioz mugitu behar izan duten gazatarrek babes hartzeko erabiltzen duten eskola batean bahitu dituzte dozenaka palestinar. Eta bahitu soilik ez: militar israeldarrek torturatu egin dituzte kale erdian. Tratu txar horien irudiak argitara atera dira hainbat eta hainbat saretan, inpunitate osoz.
Zabaldu diren irudi ikaragarrietan, ilaran jarrita ikusten dira sionistek bahitutako palestinarrak, kalean nahiz kamioietan. Biluzik ageri dira, lotuta, eta begiak estalita dituzte gehienek. Garaipen militar eta garaikur modura argitaratu dituzte irudiak sionistek, urriaren 7tik hona palestinarren kontra egindako genozidioa etenik gabe larriagotzen eta areagotzen ari den honetan.
Azken bi hilabeteetan, gutxienez 17.000 palestinar erail dituzte Gazan; horietatik 7.000 haurrak ziren. Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek adierazi du, gainera, beste bi hilabetez luza daitekeela erabateko sarraskia.
Beraz, oldarraldi militarrarekin jarraitzen dute sionistek, Gazako Zerrendako iparraldean ez ezik, hegoaldean erasoak areagotuta. Azaroaren 24tik abenduaren 1era bitartean su-eten bat izan ostean, gupidarik gabe berrekin zieten bonbardaketa eta eraso militar sistematikoei indar israeldarrek.
Sionista torturatzaileak
Ez da inola ere berria sionistek preso hartutako palestinarrei egindako torturak argitara ateratzea. Azaroaren hasieran, esaterako, preso hartutako 4.000 langile palestinar Gazara kanporatu zituzten militar israeldarrek: urriaren 7an atxilotu zituzten, palestinar erresistentziak kontraerasora jo zuenean. Atxiloaldian askotariko tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten milaka gazatarrek.
Azaroaren amaieratik abenduaren hasierara izan den su-etenean, sionisten esku zeuden 200 preso aske geratzea lortu dute palestinarrek. Beldurgarriak izan dira aske gelditu direnek azaldutakoak, hainbat urtez espetxe israeldarretan jasan behar izan dituzten torturei buruz. Askatu dituzten preso palestinarren artean, haurrak dira asko.