AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Fadi Wael Alwhidi
2023/12/04 11:05

Astebeteko su-eten bat izan da berriki Gazako Zerrendan, azaroaren 24tik abenduaren 1era bitartean. Palestinarrek lortu dute sionisten esku zeuden 200 preso inguru aske geratzea, gehienak, preso zeuden haurrak; Hamasek, berriz, urriaren hasieran gatibu hartutako 100 pertsona inguru askatu ditu. Joan den asteburuaren hasieran su-etena amaitu zela ofizial egin eta ordu gutxira, baina, bonba bidezko eraso sistematikoekin jarraitu zuten sionistek. Duela zenbait ordu argitaratutako datuen arabera, larunbatetik hona, ia 1.000 palestinar erail dituzte Gazako Zerrendan.

Izugarriak dira urriaren 7tik hona sionistek egindako sarraskia erakusten duten datuak: 15.000 baino gehiago dira jada Gazan eraildako palestinarrak, eta 41.000 baino gehiago zaurituak. Israelgo Armadaren arabera, aire bidezko 10.000 eraso baino gehiagpo egin ditu urriaren hasieratik. Erabateko genozidio bat, baina ezin dena neurtu bonba bidez hildakoen kopuruarekin soilik: Gazako Zerrenda erabat blokeatuta dauka Israelgo Estatu hiltzaileak, eta geldirik ditu askotariko hornidurak.

Su-eten lanburraren ondoren, erasoari berrekin diotela nabarmendu dute Israelgo indarrek, airetik nahiz lurretik. Hamasek azaldu du sionistek eragotzi egin dutela erregaiak Gazako Zerrendako iparraldera iristea, eta modu horretan hautsi dutela su-etena. Israelgo autoritateek, kontrara, esan dute Hamasek apurtu duela akordioa, ustez sionisten menpeko lurrei eraso eginda. Dena den, Israelek hasieratik erakutsi du borondate ezdeusa su-etenari eusteko, une oro azpimarratu baitu "borroka egingo" zuela berriz, eta une oro utzi baitu argi asmoak argia izaten jarraitzen zuela: ustez, "Hamas suntsitzea".

BBC-k berak jaso zuen Benjamin Netanyahuk ez zuela su-etena luzatzeko asmorik erakutsi, AEBetako Estatu-idazkari Antony Blinkenekin bildu zenean. "Israeldarrek sistematikoki esan zuten etenaldiaren ostean berriz hasiko zirela liskarrak, eta ez zuten malgutasunik erakutsi horren inguruan", esan zuen Jeremy Bowen BBC-ko editoreak.

Nakba berri bat

2,3 milioi palestinar inguru bizi dira Gazako Zerrendan, eta plazaratutako azken datuek diotenez, 1,8 milioi inguru mugitu behar izan dira urriaren hasieratik, sionisten erasoetatik ihesi. Ez dago leku segururik Gazan, ordea, eta ihesaldian ere askotariko erasoak jasaten dituzte palestinarrek. Urrian Gazako Zerrendako iparraldean hasi zituen erasorik bortitzenak Israelek, eta iparraldetik hegoalderako bidea hartu behar izan zuten orduan milaka eta milaka palestinarrek. Dena den, hegoaldean erasoak areagotu dituzte berriki sionistek.

Israelgo inteligentzia-zerbitzuen dokumentu bat filtratu zenean, mahai gainera atera zen sionistek izan dezaketen berehalako plana: Gazako palestinarrak euren lurretatik botatzea eta Egiptoko Sinai eskualdera kanporatzea, Israelen okupazio-asmoekin jarraitzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK