ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/23 12:50

"Munduko armadarik moralena gara". Soldadu sionista batek hala adierazi zuen telebista-kate batean, palestinar bati taldean egindako bortxaketa defendatuz. Joan den uztailean atxilotu zituzten bederatzi militar erreserbista, Sde Teimango espetxean preso palestinar bat bortxatzeagatik. Besteak beste, metalezko barrak sartu zizkioten ipurtestetik, eta hilzorian utzi zuten torturen ondorioz.

Torturatzaileen atxiloketak eta euren kontrako ikerketak protestak piztu zituen. Izan ere, kalera atera ziren kolono sionista ugari, ikertutako soldaduak babesteko, eta palestinarrak torturatzeko inpunitate handiagoa eskatzeko. Ehunka koloni faxista, adibidez, Sde Teimango kartzelara bertaratu ziren uztailaren amaieran: sarrerako hesiak kolpatu eta indarrez sartu ziren barrura, erreserbista torturatzaileekin elkartasunez.

Bortxatzeko eta torturatzeko eskubidea

Badirudi aurrera doala Sde Teimanen gertatutakoari buruzko ikerketa, eta aurrera jarraitzen dute kolono faxisten protestek ere: palestinarrak torturatzea "eskubide bat" dela aldarrikatzen dute. Bitartean, jakina den modura eta hamaika aldiz frogatu duten modura, palestinarrak modu masiboan atxilotzen eta haiei tratu txarrak ematen jarraitzen dute militar sionistek, euren kontrolpeko tortura-eremuetan. Horietako bat da, hain justu, Sde Teimangoa.

Behin eta berriz atera dira argitara torturak jasan dituzten milaka palestinarren lekukotzak, bai eta horiek erakusten dituzten irudiak ere; askotan, soldaduek eurek argitaratutakoak. Udan ohartarazi zuten gutxienez 21.000 palestinar zeudela preso kartzela sionistetan, eta pilatuta daudela atxilotze-eremuak. Espetxe-Zerbitzu sionistak ulertzera eman zuen espetxeak handituko dituztela.

Teilatutik behera

Israelgo Estatuko indar militarren jardun kriminala erakutsiz, zabalpen handia izan du soldaduek Jeninen (Zisjordania) berriki egindako eraso batek. Bideo batean ikus daiteke militar sionistek nola bota zuten guztiz geldirik zegoen palestinar bat teilatutik, operazio baten barruan. Iturri batzuen arabera zauriturik zegoen, eta, beste batzuen arabera, hilik. Badirudi, gainera, ez zela soldaduek eraikin horren gainetik jaurtitako palestinar bakarra izan: gutxienez hiru bota omen zituzten.

NO HAY COMENTARIOS