Ia 90 egun igaro dira Palestinako erresistentziak jo zuenetik eta, horren aurka, sionistek ofentsiba masiboari ekin ziotenetik. Azken hiru hilabeteetan, erabateko sarraski bat ari dira egiten Gazako Zerrendan: abenduaren amaieran argitaratutako datuen arabera, 21.000 baino gehiago dira sionistek Gazan eraildako palestinarrak, horietatik 9.000 haurrak. Gainera, desagertuta daude 8.000 pertsona inguru, eta zaurituta 55.000 lagunetik gora.
Erasoaldi sionistak aurrera jarraitzen du, eta, urte berriarekin batera, mobilizazio deialdi berri bat egin dute Euskal Herrian sionismoaren kontra. Urtarrilaren 27an, larunbata, manifestazio nazional bat izango da Ordizian (Gipuzkoa), sionismoarekiko konplizitatea salatzeko. "Mendebaldeko gobernuak, erakundetutako alderdi politikoak eta enpresak" sionismoaren konplize direla seinalatuko dute, eta, zehazki, CAF enpresa jarriko dute jopuntuan. San Bartolome auzotik irtengo da mobilizazioa, 12:00etan.
Orain arte, Palestinako erresistentziaren alde eta sionismoaren kontra mobilizatzera deitu duen plataforma berdinak (Palestinarekin Elkartasuna dinamika) antolatu du mobilizazioa. Atzo egin zuen deialdi berria, Donostian (Gipuzkoa), agerraldi baten bidez. Prentsaurreko horretan gogorarazi zutenez, "Euskal Herriko hainbat kolektibo eta gizarte-eragile" biltzen ditu aipatutako plataformak, eta "Palestinarekiko elkartasun aktiboa egitera" deitu zuen iaz, oldarraldi sionista bete-betean.
CAF, sionisten lagun
Nagusiki, trenei lotutako ekoizpenean jarduten du CAF enpresak, eta Beasainen (Gipuzkoa) dauka egoitza nagusia. Atzoko agerraldian azaldu zuten CAF parte hartzen ari dela "Jerusalemgo tren arinaren hedapenean", Saphir enpresa israeldarraren eskutik. Jerusalem hiria eta sionistek palestinar lurretan indarrez ezarritako kokaleku ilegalak lotzen ditu tranbia horrek.
Garraio-proiektu hori salatu du Palestinarekin Elkartasuna dinamikak: "Palestinarren jabetzak konfiskatu, lurralde palestinarra atxiki, Jerusalemgo auzoetatik biztanle palestinarrak lekualdatu eta kolono sionistak Palestinako Lurralde Okupatura transferitzea ahalbidetzen du".
"CAFek eta bere akziodunen parte direnek, hala nola Eusko Jaurlaritzak, Palestinako genozidio sionistari laguntzen diote", gaineratu dute plataformako kideek: "Mundu osoko kolektibo eta gizarte-eragile askok sionismoaren konplize izateari uzteko eta erakunde sionistarekiko kontratu guztiak bertan behera uzteko eskatu diote CAFi".
Kolaborazioaren hamaika aurpegi
CAF enpresaz harago ere joan dira, ordea, urtarrilaren 27ko manifestazioa deitu duten eragileak. Hala, aldarri bat egin dute "eskuineko zein ezkerreko alderdi politikoek Israelekin era guztietako harremanak eten ditzaten", eta "Palestinaren aurka armak bidaltzen dituen Espainiako Estatuari babesa emateari utz diezaioten".
"Enpresei, erakundeei eta Espainiako eta Frantziako estatuei sionismoarekiko konplizitate oro amai dezatzen eskatzeko unea" dela iritzi dio plataformak, eta "borrokan eta presioa egiten jarraitzera" deitu du. "Euskal Herrian antolatzen jarraituko dugu, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta erresistentzia babesteko, Palestina ibaitik itsasoraino aske izan arte", gaineratu du.