Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu duenez, Sevilla II kartzelako (Andaluzia) preso politikoek hilabete daramate medikuen bisitarik izan gabe. Isolamendu galerian dauden presoak ari dira neurri hori pairatzen; zehazki, hamar euskal preso politiko daude bertan giltzapean. "Espainiako Estatuaren espetxe politikaren ezaugarrietako bat da preso eriekiko asistentzia mediku eza", gaineratu dute AAEAMko kideek.
Azpimarratu dute, gainera, ez dela espetxe horretan "presoen eskubide minimoenak" urratzen diren lehenengo aldia: "2009. urte bukaeran eta 2010. urte hasieran lehenengo euskal preso politikoak jaso zituenetik, etengabeak izan dira haiek estu hartzeko aurrera eramandako jarduera".
Hala, Sevilla II-ko zuzendaritzaren zein kartzelazainen jarrera "erasokorra" dela salatu dute. Esaterako, gogoan izan dute 2013. urtean Arkaitz Bellon preso politikoari eman zioten jipoia edota 2012. urtean Marcos Martin GRAPOko preso politikoari emandakoa.