ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/06 08:31

TikTok sare sozialak 1.600 milioi erabiltzailetik gora ditu munduan, eta horietatik %41 dira 16 eta 24 urte artekoak. Milioika bideo argitaratzen dituzte sare sozial horretan, eta teorian horiek kontrolatzen dituzten langile espezializatuek hainbat edukiri jartzen diete betoa. Debekatuta dago irudi pornografikoak, arma errealak edo "jokaera arriskutsuak" erakustea, sare sozialaren arduradunen hitzetan. Eduki horiek bilatzeko, "moderatzaile" batzuk kontratatzen ditu enpresak, eta salatutako edo susmoa hartutako edukiak ikuskatzen dituzte haiek. 

El País egunkariak TikTokeko langile ohi bat elkarrizketatu du, Gabriele Bavastro. Datuen analisian jarduten du, eta Interneteko industria pornografikoa eta sare sozialak ikertzen ditu gaur egun. Azaltzen duenez, batez beste 7 eta 9 segundu arteko bideoak ikusi behar zituzten TikTokeko moderatzaileek, eta segundo gutxian erabaki behar zuten edukia egokia zen edo ez. Youtube, Facebook, Snapchat edo Instagramen esku hartzen den edukien %49,3 pornografikoak dira, Bavastroren kalkuluen arabera, eta TikTok ez da salbuespena. 

Geroz eta bideo pornografiko gehiago ezabatzen dituzte sare sozialetan

TikTokeko moderatzaileek hiru maila desberdintzen omen dituzte ezabatu beharreko edukien "biolentzia" identifikatzean, ikertzailearen arabera: slight edo maila baxukoak, maila ertainekoak eta larriak. Maila baxuko bideoei Visible to self etiketa jartzen diete, edukia argitaratu duen pertsonak bakarrik ikus dezan. Maila ertainekoak edo larriak diren bideoak, berriz, ezabatu egiten dituzte, eta erabiltzaile batek arauak apurtzen dituen bost bideo igoz gero, blokeatu egiten dute bere kontua. Prozesuak, hala ere, 24 orduko iraupena izan dezake, irudi bat biral egiteko denbora nahikoa.

Munduan zehar 90 milioi bideo ikuskatzen omen dituzte TikTokeko langileek hiru hilabetero, "biluztasunari buruzko arauak ez betetzeagatik edo helduentzako eduki sexuala igotzeagatik", Bavastroren esanetan. Halako edukiak igotzea, gainera, geroz eta ohikoagoa da: 2022. urtearen amaieratik hona, ezabatzen diren eduki sexualak %25 igo dira. Gainera, TikToken kentzen diren bideoen %45,3 adingabeek nahiz helduek plazaratutako irudi sexualak dira, baina badirudi adingabeak direla nagusi kategoria horretan.

Adingabeak eta pornografia

TikTok erabiltzeko gutxienez 13 urte izatea eskatzen den arren, errealki ez dago adina kontrolatzeko neurri efektiborik, Bavastro ikertzaileak seinalatu duenez. Izan ere, ez dago adina egiaztatzeko mekanismorik. Moderatzaileek 13 urte baino gutxiago dituen erabiltzaileren bat topatuz gero, berak argitaratutako bideoari etiketa berezi bat jartzen omen diote, ikuskatzeko. Hala ere, TikToken ezabatu diren erabiltzaileen %1,3 bakarrik dira 13 urtetik beherakoak, antza.

Moderatzaileek hainbat arrazoi direla-eta erabaki dezakete TikToketik bideoak ezabatzea, eta badirudi adin txikikoei begira hartzen dutela erabaki hori gehienetan: zentsuratutako irudien %30,6 "adingabeak babestea" arrazoituta kendu dituzte. Eduki horien %16,89tan agertzen ziren adingabeak biluzik edo praktika sexualak egiten, eta %10,55etan euren buruarentzat kaltegarritzat jotako ekintzetan ikusten ziren adin txikikoak; kalte fisikoak eta psikologikoak identifikatu ziren %1,56etan, grooming praktika %0,85etan, eta esplotazio sexuala bideoen %0,7tan. Helduen bideo pornografikoak ezabatutako edukien %14,7 dira, eta suizidioak edo autolesioak erakusten zituztenak %3,1.

NO HAY COMENTARIOS