ACTUALIDAD / Justizia anderrentzat

Santurtziko alkateak gezurra esan zuen: bazuen Anderren atxiloketaren bideoaren berri

"Ni ez nago hemen bideoak ikusteko", izan zen Itziar Carrocera jeltzalearen eranzuna, Anderren aitak esatean atxiloketaren bideoa ikusteko.
2026eko irailaren 23 - 13:10
Santurtziko alkateak gezurra esan zuen: bazuen Anderren atxiloketaren bideoaren berri
Itziar Carrocera.

Justizia Anderrentzat plataformak aurreko astean argitaratu zuen bideo bat, erakusten zuena Santurtziko udaltzainek nola atxilotu zuten Ander ekainaren 22an. Udaltzaingoak emandako eta udalak babestutako bertsio poliziala kolokan jartzen du bideoak, eta irudiok argitara atera eta 48 ordura, prentsaurreko bat eman zuen Itziar Carrocera alkateak. Ulertzera eman zuen udalak ez zuela irudi horien berri eta horregatik ez zuela aurrez ikerketa "zehatz" bat eskatu Anderri gertatutakoaren inguruan, baina itxurakeria hori gezurtatu du Fernando Saenzek, Anderren aitak.

Aste honetan bertan kazeta honi emandako azalpenetan, Saenzek azaldu du alkateak (EAJ) uztailetik zekiela Anderren atxiloketa bideoan jasota zegoela, berak jakinarazi baitzion pertsonalki. Hala azaldu du Fernandok: "Esan nion bideo argigarri bat zegoela ikerketaren esku, eta joan zedila eta ikus zezala". Alkateak ordea, "hoztasun" osoz erantzun zion, "ni ez nago hemen bideoak ikusteko" esanez.

Hiru hilabete igaro dira udaltzainen interbentzio zital baten ondorioz Anderrek bizia galdu zuenetik, eta justizia exijitzen jarraitzen dute bere senideek eta Justizia Anderrentzat plataformak. Besteak beste, gazte santurtziarraren hilketaren atzean dauden erantzukizun politikoak argitu daitezela eskatzen dute. Ekainean, Ander ospitalean oso larri zegoela, udaltzaingoari babesa eman zion Carrocera buru duen udalak. Ez du inolako neurririk hartu operazioan parte hartu zuten agenteen kontra.