ACTUALIDAD / Justizia anderrentzat

Borrak, ostikadak eta taserra Santurtzin: Ander hil aurreko interbentzio polizial bortitza erakutsi dute

Udaltzainek ekainaren 22an sartu zuten koman gaztea: bortizki atxilotu eta lotu zuten, eta erabat immobilizaturik eduki arren, bera jipoitzen jarraitu zuten. "Polizia-sindikatuen bertsioa, zenbait hedabideren interpretazio interesatua eta udalaren bertsio konplizea" gezurtatuz, bideo bat argitaratu du Justizia Anderrentzat plataformak, eta erantzukizunak eta aurrera begirako neurriak har daitezela exijitu du.
2026eko irailaren 15 - 12:00
Borrak, ostikadak eta taserra Santurtzin: Ander hil aurreko interbentzio polizial bortitza erakutsi dute

Irudi izugarri batzuk atera ditu argitara gaurkoan Justizia Anderrentzat herri-plataformak: Santurtziko (Bizkaia) udaltzainek Ander S.T. izeneko gaztea koman nola sartu zuten ikusten da irudietan. Esku-hartze biolento horren ondorioz zendu zen gaztea bi egunen ostean, ospitalean. Gaur plazaratutako bideoarekin, "polizia-sindikatuen bertsioa, zenbait hedabideren interpretazio interesatua eta udalaren bertsio konplizea gezurtatu" nahi izan du plataformak, Anderren hilketa zigorgabe geldi ez dadin.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/i/status/2099802208174841908

Santurtziko Kresala aretoan egin dute agerraldi bat gaur goizean, Justizia Anderrentzat leloa daramaten kamisetak soinean, eta bertan erakutsi dute ekainaren 22ko gertakariak jasotzen dituen bideoa, lehen aldiz: "Aurtengo ekainaren 22an, Santurtziko Udaltzaingoak Ander hil zuen". Plataformako kideek azaldu dutenez, bideoak frogatzen du azken hilabeteetan esan dutena: Ander modu biolentoan azpiratu zutela udaltzainek, eta behin eskuburdinekin loturik eta immobilizaturik zutela, bera jipoitzen jarraitu zutela. Besteak beste, deskarga elektrikoak eman zizkioten taser pistolarekin. Ekaineko egun hartan, agerraldi psikotiko bat izan zuenean jo zuen Anderrek udaltzaingoarengana, laguntza eske, baina bera jipoituz erantzun zuten agenteek, irudietan ikusten den modura.

Aretoa erabat izoztu duten irudiok erakutsi ondoren, Justizia Anderrentzat plataformak gogorarazi du bero-boladaren erdian izan zela Anderren aurkako operazioa. 40 gradu inguruko tenperaturekin, bi orduz izan zuten azpiraturik gaztea, lurrean, eta konorterik gabe momentu batetik aurrera.

Xehetasun berriak, eta larriak

Azken astean eman dituzte ezagutzera ekainaren 22an gertatutakoari buruzko xehetasun batzuk. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aitortu du udaltzainek larrialdi-zerbitzuetara lehen aldiz deitu eta bi ordura eraman zutela Ander ospitalera. Gainera, udaltzaingoak ez zuen jakinarazi interbentzio polizial bat izan zenik gaztearen aurka, "eta are gutxiago taser pistola bat erabili zutenik". Plataformak salatu du Poliziak nahita ezkutatu zuela informazio hori, eta arreta mediko egokia eragozteaz gain, "autopsiaren emaitza baldintzatzea" lortu zutela hala.

Erantzukizunak, aitortza, aurrera begirako neurriak, udaltzainen kanporatzea

Justizia Anderrentzat plataformaren esanetan, Santurtzin jazotakoa ez da "kasu isolatu" bat, eta Poliziak "sistematikoki" eta "inpunitate osoz" erabiltzen du biolentzia. Horiek horrela, irudiak erakustearekin batera, hainbat exijentzia egin ditu gaurkoan: "erantzukizun polizial, politiko eta mediatikoak" har ditzatela horien ardura dutenek; Ander "Poliziaren indarkeriaren biktima" gisa aitortu dezatela; berma dezatela santurtziarrari gertatutakoa ez zaiola beste inori gertatuko "etorkizunean", hilgarriak izan daitezkeen "baliabide edo teknika polizialen" erabilera debekatuz; eta "inplikatutako poliziak berehala kargutik kentzea".

Anderrentzat justizia exijitzen segitzeko, beste mobilizazio-deialdi bat dago egina urriaren 3rako: 12:00etan aterako da manifestazioa Kabiezesko plazatik.