Ander hil eta hiru hilabetera, eta udaltzainek nola atxilotu eta jipoitu zuten erakusten duen bideo bat argitara atera eta 48 ordura, badirudi hainbat berrikuntza izan direla Santurtziko Udaleko Segurtasun Batzordean. Edorta Rodrigo bozeramaile jeltzalearen hitzak jaso ditu oraingoan El Correo-k (gai honen inguruan Imanol Urrutxua aritu da orain arte, baina "ondoezik" omen zegoen gaur, eta ez da bileran egon), jakinarazi baitu udalak txosten "zehaztu" bat eskatu diola Anderren atxiloketan "operazioaren arduradun" izan zen poliziari.
Rodrigok aldarrikatu du zabalik dauden ikerketek argitu beharko dutela gertatutakoa, baita erantzule posibleen "erantzukizunak determinatu" ere. Eta badirudi, bitartean, udalak ez duela inolako prebentziozko neurririk hartuko Anderren atxiloketan parte hartu zuten agenteen aurka.
Jeltzaleak esan du udalak ez zuela Justizia Anderrentzat plataformak argitaratutako bideoaren berri, eta irudiek "kezka" eragin diela. "Zailak dira justifikatzen", gaineratu du. Dena den, irudi horiek lau haizeetara zabaldu aurretik, udaltzaingoari babesa emateko joera etengabea erakutsi du udalak: ekainaren bukaeran, Anderren atxiloketa bortitza gertatu zenean, udaletik defendatu zuten ez zegoela "zantzurik" esateko interbentzio poliziala "desegokia" izan zenik.
Rodrigok berak aitortu du hori gaurkoan: "[Bideoak erakutsitako] Informazio hori guztia ez zegoenean, udal honek adierazi zuen, garai hartan genituen datuekin, ez zela ikusten polizia-jarduera oker baten zantzurik, eta ikerketen emaitzaren zain egongo ginela. Gaur irudi berriak ditugu eta, ebidentzia berrien aurrean, erakunde arduradunok irudi horiek txertatzeko, aztertzeko eta dagozkien ondorioak ateratzeko betebeharra dugu".
Hala ere, eszeptiko ageri da bozeramaile jeltzalea, Justizia Anderrentzat plataformak zabaldutako bideoa "grabazio partzial" bat dela aipatuz eta "pertsona bakoitzaren erantzukizunak zein diren" ondorioztatu ezin dela adieraziz, El Correo-k jaso duenez. "Pertsona guztien eskubideak" bermatzera deitu du gainera, "agenteenak beraienak barne". Eta gehitu du: "Autopsiaren emaitzak jaso arte itxaron behar da, emaitza horiek heriotzaren arrazoia zehaztuko baitute. Era berean, Ertzaintzaren eta Gardentasun Batzordearen ikerketen emaitzek zehaztuko dute ea nolabaiteko erantzukizunik ba ote dagoen polizia-jarduketan".
Alkatearen prentsaurrekoa goiz berean
Rodrigok esanak plazaratu diren goiz berean, agerraldi bat egin du Santurtziko alkate Itziar Carrocerak (EAJ), bideoari lotutako hainbat azalpen emateko. Berretsi du ekainean udaltzaingoak udalari helarazitako txostenean ez zela jasotzen bideoan ikusten denari buruzko informaziorik (larrialdi-zerbitzuengana jotzean ere interbentzio polizial bat izan zela ezkutatu zuen Poliziak), eta orain eskatu diotela polizia-buruzagitzari txosten xehatu bat aurkezteko. Hiru hilabete behar izan ditu horretarako udalak.
Bestalde, Carrocerak baieztatu du bi ikerketa paralelo daudela zabalik ekainaren 22an gertatutakoaren harira, bata epaitegietan eta bestea EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordean. Udaletik, baina, badirudi ez dela inolako barne-ikerketarik abiatuko.
[Albistea eguneratzen ari gara]