Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gora egin du salatutako eraso matxista kopuruak urteko lehen hiruhilekoan. Izan ere, 2023ko lehen hiru hilabeteetako datuekin alderatuta, aurten %20 inguru egin dute gora salatutako erasoek. Zenbaki zehatzetara eramanda, 2024ko urtarrilean, otsailean eta martxoan indarkeria matxista pairatu eta salaketa bat jarri duten emakumeak 1.514 izan dira.
Horietatik 1.072 dira bikotekideen edo bikotekide ohien indarkeria jasan eta salaketa bat aurkeztu duten emakumeak. 2023ko aurreneko hiruhilekoarekin konparatuz gero, aurten %19,3 gehiago dira mutil lagunen edo mutil lagun ohien biolentzia salatu duten emakumeak.
Bestalde, azken hiru hilabeteetan salaketak jarri dituzten 1.514 emakumeen artean, 168 dira sexu-erasoak pairatu dituztenak. 2023ko aldi berean baino %28,2 gehiago da hori, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen esanetan.
Datuak lurraldeka aztertuz gero, denetan egin du gora sexu-eraso kopuruak: Gipuzkoan %39,6 (2023ko lehen hiruhilekoan 53 eraso salatu ziren eta aurten 74), Araban %26,6 (2023an hamabost eta aurten hemeretzi) eta Bizkaian %19 (2023an 63 eta aurten 75).
Bermerik ez
Salaketa kopuruak, dena den, ez du inola ere indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruko datu errealik ematen. Esaterako, EITBren arabera, Espainiako Estatuan 2023an bikotekideek edo bikotekide ohiek eraildako emakumeen %72k ez zuten euren erasotzailea aurretik salatu.
Eta salaketa bat aurkezteak, gainera, ez du ziurtatzen biolentzia horren kontrako beharrezko neurriak hartuko direnik: Espainiako Estatuan 2022an bikotekideek edo bikotekide ohiek eraildako emakumeen ia erdiak tratu txarrak salatu zituzten aurretik.