AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/04 12:03

Espainiako Estatuan 2022. urtean izan ziren erailketa matxistei erreparatu die Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Etxeko Indarkeriaren aurkako Behatokiak (CGPJ, gaztelerazko sigletan), erailak izan ziren emakumeak zein egoeratan zeuden ikertzeko. Datuak ikaragarriak dira: urte horretan, 49 emakume erail zituzten euren bikotekideek edo bikotekide ohiek, eta horietatik hogeik (%40,8k, beraz) aurretik salaketak aurkeztu zituzten euren hiltzaileen kontra.

Eraildako 49 emakume horien artean, beraz, indarkeria matxistari lotutako 32 prozedura judizial zeuden martxan: zazpik behin baino gehiagotan jarri zituzten salaketak euren erasotzaileen aurka.

Hildako emakume horietatik 11k babes-neurriak eskatu zituzten polizia-etxeetan, euren bikotekideengandik edo bikotekide ohiengandik babesteko. Dena den, hiru kasutan baino ez zeuden indarrean babes-neurri horiek. Kasu batean, gainera, VioGén sistemak ebatzi zuen ez zegoela arriskurik eta, hortaz, babes-neurriak ezartzeko beharrik.

VioGén sistemaren fartsa ikusarazteko, argigarria da nola sailkatu zituen esku artean izan zituen kasuak. Erailak izan ziren 49 emakume horietatik batzuen egoerak aztertu eta sailkatu zituen sistema horrek, eta ebatzi zuen horietatik lau "erdi-mailako arriskuan" zeudela, bost "arrisku baxuan", eta lau "arriskutik kanpo". Horiek ere erail zituzten aurrerago euren bikotekideek edo bikotekide ohiek.

Salatu ziren indarkeria matxista kasuen artean, gehienetan (%92) jasaten zituzten eraso fisikoak emakumeek. Indarkeria psikologikoa ere pairatzen zuten kasuen ia erdian (%40), eta salaketen %8 egon ziren lotuta emakumeek ustez zituzten babes-neurrien urraketari.

EZ DAGO IRUZKINIK