Aste honetan sartu da indarrean Espainiako Gobernuaren dekretu berria, "funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoaren" etetea ezartzeko, izatez. Hala ere lantoki ugari dira martxan jarraitzen dutenak, tartean, Telepizza enpresa. Dendak itxita egon arren, etxez etxeko banaketak bere horretan segitzen du.
Telepizzak ez ditu langileak babesteko eta prebentziorako gutxieneko neurriak betetzen, ELA, CGT eta CIG sindikatuek jakinarazi dutenez. "Salatzen dugu, orokorrean, ez direla bermatu prebentziorako gutxieneko neurriak, ez eta enpresak berak ezarritako protokolo propioa ere", diote.
Alarma egoera hasi bezain pronto jakinarazi zuten Bizkaiko langileek Telepizzak "kutsatzeko arriskuan jartzen dituela langileak eta bezeroak, pandemia etekina ateratzeko baliatzeko".
Bi erregulazio dosier abian
Gainera, sindikatuek gogorarazi dute Telepizzak bi Aldi Baterako Enplegu Erregulazio txosten ezarri dituela. Dendetan jarduten duten beharginei eragiten die dosierretako batek, "ezinbesteko kausekin" lotuta. Bigarrenak, aldiz, etxez etxeko banaketan aritzen direnei eragiten die, eta "arrazoi ekonomikoak" argudiatuta aurkeztu du enpresak.