ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/10/02 17:44
Haitiko langileria berriz altxatu da azken asteotan, bizi-baldintzen okerragotzearen aurka. Erregaien prezioaren igoerak eta horrek oinarrizko elikagaien kostuan duen eraginak zuzenean kolpatu ditu Karibeko herrialdeko beharginak ere. Aste honetan ekin diote grebari, Port-au-Prince hiriburua eta gainontzeko hiri nagusiak erabat geldiaraziz.

Ariel Henry lehen ministroak eskua pistolara eraman du berehala, eta polizia bidali du manifestarien aurka. Agenteek gas negar-eragileak nahiz suzko armen tiroak jaurti dizkiete protestan zirenei. Horrez gain, Amerikako Estatu Batuek armatutako heriotzaren eskuadroi paramilitarrak ere nahieran aritu dira kaleetan. Enbaxadore estatubatuarrek "armadaren esku-hartzea" eskatu diote Washingtoni, "ordena berrezarri dezan".

Hildakoak zein zaurituak egon arren, Haitiko langileriak ausardiaz eusten dio borrokari. Asteazkenekoa garraio publikoko sindikatuek deitutako hirugarren eguna izan zen. Ostegunean eta ostiralean ere mobilizazioei eutsi zieten, alor publikoko zein pribatuko gainontzeko jardueretan eraginez. Aurretiaz, milaka lagunek supermerkatuak eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) elikagai-biltegiak hustu zituzten.

Bakerako dei antzuak

Nazioarteko erakundeetan ohikoa denez, "trantsizio baketsurako deia" egin diote Haitiko biztanleriari, protesten masibotasuna ikusita. Helen La Lime NBEko ordezkari bereziak, adibidez, "Haitiko hondamendi humanitarioa" gogorarazi zuen Segurtasun Kontseiluaren informazio-saio batean, NBEk horretan zerikusirik izango ez balu bezala. Erakunde hori, justuki, Henryren babesle izateaz gain, hainbat hamarkadaz Haiti hondamendian mantentzearen erantzule zuzenetako bat da: okupazio militarrak, miseria, goseteak eta baliabideen espoliazioa zabaldu dituz Amerikako herrialde txiroenean.

Azken esku-hartzea Haiti Egonkortzeko NBEren Misioa (MINUSTAH) izan zen. Programa inperialista horrek 2004tik 2017ra iraun zuen, eta Latinoamerikako hainbat herrialdek okupazio militarra zuzendu zuten, beste herrialde batzuetako tropekin batera. AEBen esanetara, Brasilgo Luiz Inacio Lula da Silvaren, Argentinako Kirchnertarren edota Boliviako Evo Moralesen gobernu ezkertiarrek hartu dute parte proletalgo haitiarra zapaltzeko plan horretan.

Are larriagoak dira Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren azken adierazpenak: "Henryren dimisioa eskatzen duten mobilizazio jendetsuak herrialdea inbaditu duten gaizkileen kontua dira ". Haitin mafiak egon badauden arren, miseria eta gosez beteriko urteen ondorio dira. Delinkuentzia antolatua indar errepresiboen, enpresen, klase politikoaren eta nazioarteko okupazio militarraren babesean hazi da. Ondorioz, protestetan parte hartzen duten Haitiko eragile sozial, sindikal eta politikoek argi dute: "Protestak desegitea da halako adierazpenen helburu bakarra". Gehitu dutenez, "bandalismoarekin nahasi nahi dituzte protestak, euren eduki politikoa ezabatuz".

Krisi politikoa

Urtebetetik gora txandakatu den agintaritza politikoak Haitiko langileriaren miseriak larriagotu besterik ez ditu egin. Erregaiaren krisia izebergaren punta baino ez da, eztanda handiagoa baitator izkinaren bueltan. Eta Karibeko herrialdea eztanda sozial ugariren protagonista da dagoeneko. Irailean bizi izan dena, eta zantzu guztien arabera urrian ere jarraituko duena, iazko otsailean bizi izandakoaren antzekoa da. Orduan, Jovenel Moise presidenteak uko egin zion karguari, oposizioko sektore askok bere agintaldia amaitu zedin eskatuta.

Haiti berez gobernaezina bada, ordezkari politikoen ezegonkortasuna areagotu egiten da horiek indarrez ezartzen direnean. Uztailean Moise presidentearen hilketa gertatu zen, eta Core Group nazioarteko taldeak izendatu zuen egungo lehen ministroa, biztanleriaren inolako babesik gabe. AEBak dira erakunde horren buru, Frantziako zein Espainiako estatuen, Brasilen, Alemaniaren eta Kanadaren babesarekin. Nazio Batuek eta Amerikako Estatuen Erakundeak ere haien onespena eman zioten haitiarren subiranotasuna errespetatzen ez duen gobernu autoritario berriari.

Hilabete beranduago, 2021eko abuztuan, hainbat erakundek Montanako Akordioa sinatu zuten, herrialdea gobernatzeko "behin-behineko gobernu bat" proposatzen zuena, "hauteskunde seguru, aske eta bidezkoak deitu arte". Hala ere, inperialismoaren agente desberdinek proposamena onartu ez zutenez, bere horretan geratu zen. Gauzak horrela, nazioarteko burgesiaren aurrean belaunikatzea ez da aukera bat Haitiko zapalduentzat.

Trantsizioa auzitan

Egungo egoeraren gordintasunaren aurrean, Core Groupeko kideak "trantsizioaz" hitz egiten hasi dira, Kanadako ordezkariak kasu. Marra gorri bat ezartzen dute, ordea: egungo lehen ministroa ez ukitzea. Moise hil ondoren, harreman-talde horretako kideek "behatzaile modura" jarri zuten Henry, krisia goitik ixten saiatzeko. Orain, nazioarteko burgesiaren ordezkariek Henry trantsizioaren buru izan dadila nahi dute, protestek behera bota ez dezaten.

Hala ere, egungo dinamikaren erradikalizazioak erakusten duenez, trantsizio baketsua baino gertuago dago agintaria matxeteen azpian jaustea. Kaleko protestetan Henryren burua eskatzen dute dagoeneko, eta armak dira agintariaren berme bakarra une honetan.

NO HAY COMENTARIOS