ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/19 11:33

Laster beteko ditu hiru urte Zumaiako (Gipuzkoa) Etxape Zentro Sozialistak, eta Urola Kostako Kontseilu Sozialistak azaldu du "bizi-baldintzen okertzeari aurre egiteko eta proletalgoaren antolakuntza independentea sustatzeko helburuarekin" jarraitzen dutela lanean bertan. Urteurrenaren bueltan, hainbat ekimen antolatu dituzte abenduaren hasierarako, hitzordu ugarirekin.

Abenduaren 1ean, arratsaldeko 18:30ean inauguratuko dute erakusketa bat Etxapen, "Trantsizio garaiari eta haustura politikoari" buruz. Hurrengo asteetan ikusgai egongo da bertan. Abenduaren 11n, berriz, mahai-inguru bat egingo dute Zumaiako hainbat kolektiboren eskutik, bizi-baldintzen okertzeaz eta horren aurkako borrokaz. 18:30ean izango da hitzaldia.

Urteurren-eguna abenduaren 13an ospatuko dute, eta egun osoko egitarau bat prestatu dute larunbat horretarako. Goizeko 10:00etan jiu-jitsu entrenamendu bat egingo dute gaztetxoentzat, Zentro Sozialistako gimnasioan, eta 11:00etan autodefentsa-tailerra eskainiko dute toki berean. 12:00etatik aurrera, Palestinaren aldeko pankartak egiten arituko dira Etxapen, eta 14:00etan hasiko da ohiko ospakizun-bazkaria. Urte honetan, kulturarteko bazkaria izango da, eta parte hartzeko deia luzatu du Kontseilu Sozialistak. Gainera, egun osoan zehar, neguko arropa eta mantak biltzen arituko dira, beharra duten pertsonei banatu ahal izateko.

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak 2022aren bukaeran jakinarazi zuen espazio bat birjabetu eta Zentro Sozialista bihurtu zuela Zumaian. "Proletalgoaren autodefentsarako tresnak" sortzea eta "langileriaren antolakuntza politikoa indartzea" zen asmoa, eta horretarako baliatzen dute ordutik. Hura da, gaur egun, Urola Kostako Mugimendu Sozialistaren egoitza politiko nagusia, eta hainbat proiektu dituzte martxan bertan; doako errefortzu-eskolak eta etxebizitzari lotutako autodefentsa eta aholkularitza bulegoa kasu.

NO HAY COMENTARIOS