Zumaiako (Gipuzkoa) Etxape Zentro Sozialistak bi urte bete ditu jadanik. Urola Kostako Kontseilu Sozialistak 2022aren amaieran jakinarazi zuen eraikin bat birjabetu eta Zentro Sozialista bihurtu zuela, "proletalgoaren autodefentsarako tresnak" sortzeko eta langileriaren antolakuntza politikoa indartzeko. Hura da, gaur egun, Urola Kostako Mugimendu Sozialistaren egoitza politiko nagusia, eta atzo ospatu zuten bigarren urteurrena, egun osoko egitarau zabal batekin.
Gaur egun errefortzu-eskolak, etxebizitzari nahiz lan-esparruari buruzko aholkularitza-bulegoak eta liburutegia dituzte martxan Etxapen, baina proiektu berri bati ekingo diote orain: gimnasioa. Atzo goizean inauguratu zuten, autodefentsa tailer batekin. Aldi berean, itxieraren kontra borrokan ari diren Balenciaga ontziolako langileen aldeko ekimenak izan ziren: pankartak egiteko saio bat eta elkartasun-argazkia, hain zuzen ere. Eguerdian, bestalde, faxismoaren gorakadari buruzko hitzaldi indartsu bat egin zuten bertan.
14:30ean hasi zen bazkaria, eta gero Iagomagok girotu zuen arratsaldea, magia-ikuskizun batekin. Jarraian, egunari amaiera emateko, txokolatada egon zen. Gainera, egun osoan zehar, argazki erakusketa bat izan zen ikusgai Zentro Sozialistan: Zumaiatik kanporatutako herritarrak gogoan. Oraintsu beteko dira 88 urte 252 zumaiar kanporatuak izan zirenetik, gerran "errepublikanoen alde gudulari gisara aritu zirenekiko nahiz errepresalien beldur herria utzi zuten horiekiko eta haien senideekiko mendeku-ekintza" modura, eta guztiak oroitu nahi izan dituzte erakusketaren bidez.