Nafarroako Gobernua parte-hartze prozesu bat egiten ari da, teorian, 2025-2028 aldirako Gazte Estrategia berria delakoa prestatzeko. Prozesu horretan bildutako hainbat datu aurreratu ditu Noticias de Navarra-k, gazteen kontzientzia politikoari lotutakoak hain zuzen ere. Egunkari manipulatzaileak beste ondorio batzuk atera nahi izan baditu ere, datu horiek argiki erakusten dutena zera da: Nafarroan ere, ikaragarri altua da gazteek politika instituzionalarekiko duten atxikimendu falta.
"Gazte gehienek uste dute botere politikoa dutenek ez dituztela beren interesak zaintzen, eta politikan dihardutenek beren interes pertsonalari erantzuten diotela", dio ikerketak. Nafarroan galdekatutako gazteek iritzi diote politika burgesak ez diola "biztanleriaren interesari erantzuten", eta erakundeetatik ez dela "pertsona gazteei modu positiboan eragiten dien soluziorik eskaintzen", etxebizitzari eta enpleguari dagokionez adibidez. Eta kezkagarritzat jotzen dute hori, "auzi ekonomikoak" eta etxebizitza baitituzte arazo nagusitzat.
Ohikoa da gazteriak politika instituzionalaren inguruan duen iritzi kritiko hori "politikarekiko interes falta" orokorrarekin lotzea, eta horixe bera egin du Noticias de Navarra-k, bete-betean. Politikarekiko interesik eta ardurarik ez izatea leporatu die gazteei hedabide intoxikatzaileak, azpimarratuta %70ek esaten dutela politikarekiko "interes gutxi edo bat ere ez" dutela, eta beherakada "bizia eta progresiboa" izaten ari dela "metodo tradizionalen" bidezko parte-hartze politikoan. Ustez, 2022ko inkesta bat eta estatu mailako ikerketa batzuk hartzen ditu oinarritzat komunikabideak, halako baieztapen manipulatuak egiteko.
Esan bezala, baina, galdekatutako gazte nafarrek argi seinalatzen dute berez erakundeetako politikari buruz ari direla, distantzia eta urruntze hori adieraztean. Are gehiago: azken ikerketa batzuek diote, azken bi hamarkadetan, areagotu egin direla gazteen politizazio maila eta interesa, eta boskoiztu egin dela "aldaketa sozial erradikalen beharra" sentitzen dutenen proportzioa. Espainiako Estatuan, 14 eta 25 urte bitartekoen %74k irakurtzen dituzte liburuak interes propioz, eta 25 urtetik 65era bitartekoen artean, berriz, %65,8k baino ez. Gora doana, beraz, ez da politikarekiko interes eta ardura falta; politika ulertzeko eta planteatzeko modu zehatz baten kontrako jarrera baizik.