ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/10/27 20:34

Goi-mailako ikasketak edo lanpostu bat izateak jada ez dute pobrezia eta bazterkeria saihestea bermatzen, oraindik babes-faktoreak badira ere. Espainiako Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Europako Sareak (EAPN) berriki argitaratutako txostenak erakusten duenez, Espainiako Estatuan pobreziaren mugaren azpian bizi diren hiru pertsonatik batek (%34) enplegua du, eta seitik batek (%16), berriz, goi-mailako hezkuntza.

"Pandemia konpondu gabeko krisi bati gainjarri zaio" azaldu du EAPNk txostenean. Ikerketak Espainiako Estatuko biztanleria zaurgarriaren analisi orokor bat egiten du. Gogora ekarri duenez, iaz 13,1 milioi pertsona zeuden pobrezia- edo gizarte-bazterketa arriskuan, biztanleriaren %27,8. Pertsona bakar batentzat urtean 9.535 euro baino gutxiagoko diru-sarreretan, gabezia materialean edo enplegu-intentsitate baxuan kokatu zen pobreziaren muga. Irizpide horren arabera, 2020an baino 380.000 gehiago dira aipatutako baldintzak jasaten dituzten pertsonak Espainiako Estatuan.

Krisia arrastaka

PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuaren neurriek ez dute arazoa konpondu, Espainiako Estatuak Europar Batasuneko daturik kaxkarrenetarikoak izaten jarraitzen baitu. Errumaniak, Bulgariak eta Greziak baino ez dituzte emaitza okerragoak, eta hor ere ñabardurak egin daitezke. Eurostat-en arabera, Ceuta, Melilla, Andaluzia eta Kanariar uharteetan %34 baino gehiago dira pobrezia edota gizarte bazterkeria arriskuan dauden biztanleak, arlo horretan EBko liderra den Errumaniaren gainetik.

EAPNk azaldu duenez, "egoera txarra zen COVIDaren agerpenaren aurretik ere". Are gehiago, ukatu egiten du oraingoa bere horretan krisi berri bat denik: "Konpondu gabeko krisi jarraikor baten ondorioen gainean jausitako fenomenoa da". Barne Produktu Gordina (BPG) 2008. urte aurreko mailara itzuli bazen ere, familia proletarioenak inoiz ez ziren kolpe hartatik berreskuratu.

Hala, COVID-19a eta inflazioa tarteko, lanordu gutxi dituztenen edo oso soldata baxuak jasotzen dituzten horien arazoa larriagotu besterik ez da egin. "Lanak ez badu jendea pobreziaren mugaren gainetik kokatzea lortzen, ez du bere funtzio soziala betetzen" ohartarazi du EAPNren Espainiako Estatuaren ataleko presidenteak.

Klase estratifikazioa

Soldata baxu eta ezegonkorrak dituzten milaka etxeetan, elikagaiak lortzeko ohikoa bihurtu da Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) laguntzetara jotzea. Sektore pobreenen artean %36,2k diru-sarreren %40 edo gehiago alokairua ordaintzera bideratzen dute, eta %13,7k, aldiz, %75 baino gehiago. Gauzak horrela, Espainiako Estatuko hamar familiatik hiruk baino ezin dezakete aurreztu gaur-gaurkoz.

Aurrekoa ez da proletariotzaren aurpegi bakarra, izan ere, unibertsitate edota goi-mailako lanbide heziketako titulua duten hamar lagunetik bat (%10,6) pobrezia edota gizarte-bazterkeria arriskuan dagoela azaleratu du EAPNk, 2008an %7,2 ziren bitartean. Hala ere, goi-mailako ikasketadunen multzoak biztanleria-segmentu babestuena izaten jarraitzen du. Lehen mailako edo beheragoko ikasketak dituzten hamar pertsonatik hiru pobreziaren atalasearen azpian bizi dira; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza dutenen artean, berriz, %25,8 dira egoera horretan daudenak, eta batxilergoa ikasi dutenen artean, %20,4.

Pobrezia eta soldatapeko lana

Soldatak lan-indarra erreproduzitzeko adinakoa izan beharko lukeen arren, Espainiako Estatuaren kasuan joera arriskutsuak sumatzen dira. Pobrezia eta gizarte-bazterkeria jasaten dutenen artean gehiengoa langabezian badago ere (%58,6), esan bezala, %34k enplegua dute.

GKEk ohartarazi dutenaren arabera, enplegua duten pertsonen artean hazten ari da haien zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonen multzoa. Biztanleen %44,9 ez dira hilabete amaierara iristen, eta, aldi berean, desberdintasun sozioekonomikoa hazten ari da: biztanleriaren %10 aberatsenaren errentak ia hamabi aldiz biderkatzen du %10 txiroenarena.

NO HAY COMENTARIOS