Hainbat eta hainbat lagunek bat egin zuten ostiralean, abenduak 4, Lizarrako (Nafarroa) Pikutara mugimendu
antierrepresiboak antolatutako elkarretaratzean. Pikutarako kideek azaldu dutenez, azken hilabeteetan
30 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Lizarran jardun politikoa egiten ari zirela.
Pikutarak ohar bat zabaldu berri du sare sozialetan, eta bertan nahiz ostiraleko protestan salatu dute, bereziki,
Lizarrako Udaltzaingoaren jarrera oldarkorra. Izan ere, hamar pertsona baino gehiagori ezarri diete isuna udaltzainek.
Talde antierrepresiboko kideek adierazi dutenez, Lizarrako Udalaren "garbiketa ordenantzak" aukera ematen die udaltzainei, kartelak eta pankartak ipintzeagatik, isunak jartzeko. Ordenantza kritikatzeaz gain, Pikutarak gaitzetsi du udalak inolako argudiorik gabe utzi duela bertan behera isun bati lotuta aurkeztutako helegite bat, hainbat froga barne hartzen zituena.
Bestalde, duela zenbait aste Lizarrako gazte batek
jasandako mehatxuak ere salatu zituzten ostiralean. Udaltzain batek esan zion, hain zuzen, "jendea
aurrean zegoelako ez zuela kolpatuko".
Mobilizazioaren
amaieran, martxan duten erresistentzia kutxa ekonomikoaren balioa
azpimarratu zuten Pikutarako kideek, eta autodefentsarako mekanismoak antolatzeko deia luzatu
zuen.