"Pozoia arnasten aritu gara. Berriro". Hala ohartarazi zuten aurreko igandean Stop Variante Las Karreras eta Meatzaldea Bizirik plataformek, Abanto-Zierbenatik Muskizeraino egindako manifestazioaren amaieran. Petronor aski da. Etorkizun baten alde lelopean mobilizatu ziren milaka lagun, aireko gai kimikoek gora egitea ekarri baitute Petronorren findegian azken asteetan izandako arazoek eta emisioek. Besteak beste, kantzerigenoa den bentzenoa areagotu da findegi inguruan egindako erregistroetan.
Otsailaren 22an piztu ziren alarmak lehenengoz, sute bat eta ke-hodei erraldoiak sortu baitziren Muskizko instalazioetan. Arratsalde horretan, bentzeno-mailak eta xileno-mailak igo ziren inguruan. Handik lau egunera, otsailaren 26an, Muskizko eta Las Carreras auzoko bizilagunei kalera irtetea debekatu zieten, findegian izandako beste intzidentzia batek (antza, gasolina-ontzi bati lotuta) eragindako bentzeno-igoera zela-eta. Aipatutako plataformek honela laburbildu dute gertatutakoa: "Megafoniak kalean. Polizia musukoarekin. Eta agindu argi bat; etxera sartu. Dena itxi. Azalpen bakarra; bentzeno gehiegi. Gure buruari egiten diogun galdera da; noiztik zekiten? ".
Aurreko igandean, Meatzaldeko milaka lagunek hartu zituzten kaleak protesta egiteko; haserre, kezkaturik. "Instalazioak zaharrak dira. Langileek eurek aspalditik salatzen dituzte segurtasun- eta mantentze-arazoak", azaldu dute Petronorren findegiari buruz: "Bitartean, administrazioek beste alde batera begiratzen dute. Eusko Jaurlaritza. Foru Aldundia. Udalak. Komunikatuak onartzen dira. Istripu bakoitza minimizatzen da. Eta sari gisa, milioika euro publikorekin laguntzen dira proiektu berriak. Ez da benetako bermerik eskatzen egungo instalazioetan. Ez da jarduera gelditzen. Ez da zigorrik jartzen. Ez da gardentasunez informatzen". Horiek horrela, ohartaraziz otsailaren 26koa ez zela "komunikazio-hutsegite bat izan", manifestariek salatu zuten ez direla "herritarrak babesten", enpresa baizik.
Ezinbestekotzat jo zuten "administrazioek beren betebeharra betetzea" eta "findegi baten ondoan bizi denak beldurrarekin bizi behar ez izatea". Eta gaineratu zuten: "Orain antolatzeko garaia da. Gertatutakoa aztertzeko. Erantzukizunak argitzeko. Hurrengo urratsak erabakitzeko. Urrats sendoak. Urrats legalak. Urrats kolektiboak". Bide horretan, deialdi bat egin dute hurrengo asterako: martxoaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan, batzar ireki bat egingo dute Las Carrerasko Montaño aretoan.
Stop Variante Las Karrerasek otsailean azaldu zuen Petronorreko azken intzidentziak ez direla "gertakari isolatu" bat, eta gehiagotan izan direla "sugarrak, ke beltzeko zutabeak, usain biziak" eta abar. Azken gertaerak, hala, kezka bat gehiago dira Meatzaldeko bizilagunen artean, proiektu txikitzaile ugari baitituzte esku artean enpresa pribatuek nahiz erakunde publikoek. Findegian bertan, elektrolizagailu berri bat ipini nahi dute; saihesbide handi bat eraiki nahi dute Las Carrerasen, goi-tentsioko linea berri batzuk egin nahi dituzte eskualdean eta hidrogeno-kargaleku bat jarri nahi dute, besteren artean.