ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/21 09:18

Atzo iluntzean elkarretaratze bat izan zen Bilbon (Bizkaia), Peruko kontsulatuaren aurrean, Peruko herri langileari klase elkartasuna lelopean. Bilboko Kontseilu Sozialistak deitu zuen protestara, Peruko egoera politiko larria dela-eta "Estatuaren errepresioa" salatzeko eta "herri langileari klase elkartasuna" erakusteko. "Beste behin ere, errepresioaren onuradun nagusiak herrialdeko elite oligarkikoak dira, eta kaltetuak, berriz, sektore xumeenak: hiriguneetako langileria, nekazari pobreak eta herri indigenak", azaldu zuten Kontseilu Sozialistako kideek mobilizazio deialdia egitean.

Indarrean jarraitzen du gobernu berriak ezarritako salbuespen-egoerak: bertan behera gelditu dira biltzeko eskubidea, bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea eta mugitzeko askatasuna. Azken berrien arabera, Peruko Kongresuak jakinarazi du ez dela hauteskunderik izango 2023an; 2024rako deitu du bozetara. Hala, aurrera doaz protestak Peruko karriketan, "Kongresu diktatorialaren" eta gobernu berriaren kontra, besteak beste. Kaleak, dena den, militarizatuta jarraitzen du; indar armatuen esku dago "barne-ordenaren kontrola", eta kalera irteteko eta esku hartzeko eskubidea dauka Armadak herrialdeko "puntu estrategikoetan". Protesten kontrako erantzun errepresibo eta militarraren ondorioak larriak dira: gutxienez 25 hildako izan dira protestetan.

"Ez da egoera berria: hamarkada luzeetan zehar etengabea izan da sindikalisten, ikasle antolatuen, jatorrizko herrien eta bestelako sektore zapalduen aurkako jazarpena. Izan ere, azken urteetako gobernu ezegonkorrak eta ezkerreko alderdien saiakera elektoralak gorabehera, herrialdearen botere ekonomiko, politiko eta militarra familia oligarkiko berdinen esku egon da", ohartarazi du Bilboko Kontseilu Sozialistak.

NO HAY COMENTARIOS