ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/17 18:08

Suedian koalizio-gobernu bat dago agintean 2022tik: Alderdi Moderatua, Liberalak eta Demokrata Kristauak daude agintean, Suediako Demokratak alderdi ultraeskuindarraren babesarekin. Gobernu horren eskutik, immigrazioaren kontrako hainbat politika jarri dituzte martxan agintaldi honetan.

Horren adierazle izan zen, esaterako, 2022ko urrian ezarritako neurria: herrialdean legez onar daitekeen errefuxiatu kopurua biziki txikitu zuen koalizio-gobernuak. Hala, ofizialki urtean 6.400 errefuxiatu hartzeko mugarria baztertu zuen, eta gehienez 900 errefuxiatu hartzeko helburua ezarri zuen.

Hori gutxi balitz, Suedian egoera erregularrean dauden pertsona migranteak euren jaioterrira itzularazteko pizgarri handiagoak iragarri zituen, eta badirudi plana abian dela jadanik: 2026rako handituko dute eskainitako diru-kantitatea. Itxura denez, Suediako Demokratak alderdi faxistak bultzatu du neurria.

Migrazio ministro Johan Forssellek jakinarazi duenez, 2026tik aurrera, 350.000 koro suediar (30.700 euro inguru) ordainduko dizkiete euren bizileku-baimenari uko egiteko eta herrialdetik alde egiteko prest dauden pertsona migranteei.

Neurria ez da berria

Pertsona migranteak dirua eskainiz kanporatzeko neurria, ordea, aspaldi ezarri zuen Suediako Gobernuak. Gaur egun eskaintzen duen pizgarria, baina, askoz ere txikiagoa da: 10.000 koro suediarrera (870 euro inguru) besterik ez da iristen, pertsona heldu bakoitzeko. Orain, guztira, 1.400 milioi koro (122 milioi euro) bideratuko dituzte pizgarriak handitzera; beraz, ia 4.000 helduri 30.000 euro emateko gai izango da Suediako Gobernua. 

Ulf Kristersson lehen ministroaren arabera, pertsona migranteak botatzeko neurri berriari esker, urtean 200 milioi koro suediar (17 milioi euro) aurreztuko ditu Suediako Estatuak. Beste herrialde batzuetan ere badituzte martxan pertsona migranteek "euren borondatez" alde egin dezatela sustatzeko diru-eskaintzak, hala nola, Danimarkan (11.400 euro inguru pertsona bakoitzeko), Norvegian (5.400 euro inguru), Erresuma Batuan (3.000 euro inguru), Frantzian (2.500 euro inguru) edota Alemanian (1.800 euro inguru).

NO HAY COMENTARIOS