ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/10 17:51

Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS, gasteleraz) Espainiako Estatuko biztanleen kezkei buruzko inkesta bat argitaratu zuen irailean, eta inkestatuek immigrazioa seinalatzen zuten arazo nagusitzat, langabezia edo etxebizitza baino lehenago. Duela hiru urte, kezken zerrendan bederatzigarren postuan zegoen immigrazioa, baina nabarmen egin du gora azken urteetan, lehen postura igotzeraino.

El País egunkariak beste ikerketa bat eskatu dio 40dB ikerketa-agentziari, eta irailaren amaieran egin zuen inkesta bat. Datuek ez dute immigrazioa erakusten inkestatuak gehien larritzen dituen arazo modura. Egunkariak dioenez, "inflazioak, bizitzaren garestitzeak, desberdintasun sozialek, etxebizitzak eta langabeziak kezka handiagoa sortzen dute".

Immigrazioari ere, dena den, "egonezin handiarekin" erreparatzen diote %41ek, eta egonezin hori 16 puntu igo da urte eta erdian. Alderdi guztien boto-emaileen artean dira izugarriak immigrazioarekiko kezka erakusten dutenen portzentajeak, nahiz eta sektore batzuetan are handiagoak diren.

Alderdi faxistak, immigrazioaren auziaren agitatzaile

Profil jakin batek modu nabarmenagoan azpimarratzen du immigrazioa arazo nagusi modura. Vox eta Se Acabó La Fiesta (SALF) alderdi faxisten bozkatzaileak dira, zalantzarik gabe, jarrera hori gehien erakusten duten pertsonak. SALFen bozkatzaileen artean %69k eta Voxen bozkatzaileen artean %73k arazo nagusitzat jotzen dute immigrazioa; hain zuzen ere, inflazioarekin eta bizitzaren garestitzearekin batera. Boto-emaile horiek dira, gainera, gaiari buruz ondoen informatuta daudela uste dutenak.

PPko bozkatzaileen %46k identifikatzen dute immigrazioa arazo nagusi gisa. Eta badirudi uste horrekin bat egiten dutela PSOEren boto-emaileen %29k, Sumarren %24k eta Podemoseko %15ek.

Immigrazioaren mamua

Ikerketaren datuen arabera, inkestatuen %54k ez dute asmatu pertsona immigranteen proportzio erreala, benetan direnak baino gehiago direla uste baitzuen erdiak baino gehiagok. Ofizialki 48,79 milioi biztanle ditu Espainiako Estatuak, eta horietatik %18,5 jaio dira atzerrian. Pertzepzio oker horri lotuta, inkestatuei immigrante gehiegi ote dauden galdetu zieten, eta, orokorrean, %57,2k erantzun zuten baietz.

Berriro ere, alderdi faxistei botoa ematen dietenek eman zuten baiezkorik nabarmenena. SALFen bozkatzaileen %93,4k uste dute immigrante gehiegi daudela, eta Voxen boto-emaileen %86,1ek ere hala dio. PSOEren bozkatzaileen %25ek, Sumarren %27,7k eta Podemosen %24,2k ere immigrante gehiegi daudela iritzi diote, ikerketaren arabera.

Mitoak

Gizon gazteen artean nabarmen zabaldu da pertsona immigratuek "dirulaguntza publiko gehiegi" jasotzen dutelako ustea. Z belaunaldian, alegia, 18 urtetik 27 urtera arteko gazteen artean, gizonen %74,5ek iritzi diote immigranteek laguntza gehiegi jasotzen dituztela, eta emakumeen %56,3k ere hori pentsatzen dute.

40dB-ren ikerketaren arabera, inkestatuen hiru laurdenek (%74,8) lotzen dituzte pertsona immigranteak kontzeptu negatiboren batekin; adibidez, segurtasun ezarekin (%29,5), zerbitzu eta baliabide publikoen gainkargarekin (%27,2), gatazka sozialekin (%21,1), kriminalitatearekin (%19,2), langabeziarekin (%16,7) eta "nortasun kulturalaren galerarekin" (%7,6).

El País-ek azpimarratzen duenez, immigrazioa ideia negatiboekin lotzen dutenen ehunekoak altuagoak dira Voxen eta SALFen bozkatzaileen artean, eta modu ageriagoan baieztatzen dute pertsona immigratuek delinkuentzia dakartela eta osasun publikoa kolapsatzen dutela. PSOEren boto-emaileen artean, dena den, nabarmena da pertsona immigranteek dirulaguntza gehiegi jasotzen dutelako pentsamendua.

Pertzepzio orokorra eta esperientzia pertsonalak, elkarrengandik urrun

Aipatutako mito eta mamu horiek garrantzi handia dute pertzepzio orokorraren barruan, baina badirudi uste horiek ez datozela bat pertsona immigranteekin izandako kontaktu errealarekin. Inkestatuen %75,6ek esan dute nolabaiteko harreman zuzena daukatela immigratu duten pertsonekin (izan auzokide modura, lankide modura, aisialdian eta abar), eta esperientzia pertsonal hori orokorrean positiboa izan dela diote.

NO HAY COMENTARIOS