ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/12 14:47

Goierriko Etxebizitza Sindikatuak aurreko astean azaldu zuen Idiazabalgo (Gipuzkoa) bizilagun baten egoera. Urteak daramatza egoera txarrean dagoen etxe batean bizitzen, baina une honetan ez dauka alokairua ordaintzeko gaitasunik. Hura etxetik botatzeko bideari ekin zion jabeak, eta gaurko zegoen ezarrita etxegabetzea.

Etxe kaleratzearen kontra protesta egitera deitu zuten Goierriko Etxebizitza Sindikatuko kideek. Goizeko 09:30etarako, Arimasagasti auzora bertaratu dira hainbat lagun, Etxegabetze guztien etetea orain aldarriaren pean protesta egiteko, eta kale gorrian geratzear zen pertsonari babesa emateko.

Kaleratzea ezarrita zegoen ordua baino ordu erdi lehenago, etxerako sarbide guztiak itxi ditu Ertzaintzak. Beraz, etxegabetua izatear zen bizilaguna bakar-bakarrik utzi dute kaleratzean zehar, Etxebizitza Sindikatuko kideei eta babesa ematera hurbildu diren gainerako pertsonei eta ez baitiete polizia-lerrotik pasatzen utzi.

Bizilagunak osasun-arreta behar izan du etxegabetzea hasi denean, eta ospitale batera eraman behar izan dute larrialdi-zerbitzuetako langileek. Hala ere, aurrera egin du kaleratzeak. Hasieran, gainera, berekin batera ospitalera joatea ukatu nahi izan dio Ertzaintzak Etxebizitza Sindikatuko kide bati. Une honetan, ospitalean dago Idiazabalgo bizilaguna.

Alternatibarik ez bermatuta

Behin kaleratzea gauzatuta, Idiazabalgo udaletxe aurrera eraman du protesta Goierriko Etxebizitza Sindikatuak. Udalak (EH Bildu) badauka larrialdi egoeretarako etxebizitza bat erabilgarri, baina ez dio etxe hori eskaini gaur etxegabetua izan den lagunari; uko egin dio aukera horri. "Pertsona horrek gaur kalean lo egingo ez badu, ez da instituzioei esker izango", salatu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. Berriz aldarrikatu dute "etxebizitza pertsona guztiontzat", eta etxegabetzeak bertan behera gera daitezela.

Gasteizen, hiru familia kalera

Arabako hiriburuan, bestalde, iruzurrezko alokairuak jasan dituzten hiru familia kaleratu zituzten atzo, tartean, sei adingabe. Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak salatu izan duenez, argirik gabe, erroldarik gabe eta pisuetatik kanporatuak izateko arriskuan igaro dituzte hainbat hilabete bizilagun horiek.

NO HAY COMENTARIOS