Espainiako Gazteria Komunisten Batasuneko (Unión de Juventudes Comunistas de España, UJCE) militanteen gehiengoak Espainiako Alderdi Komunistarekin (Partido Comunista de España, PCE) haustea erabaki du, "programa komunistaren baitan", Mugimendu Sozialistara batzeko urrats bat eginda. Bide horretan, aurreneko pauso gisa, PCErekiko modu independentean antolatzearen alde egin du UJCEren gehiengoak, berriki egindako ezohiko kongresu batean. Behin-behinean, izen berri bat hartu dute, atzo gauean jakinarazi zutenez: Gazteria Komunisten Batasuna (Unión de Jóvenes Comunistas, UJC).
PCErekin hautsi duten militante gazteek "funtsezko zeregintzat" hartu dute, orain, "bateratze komunistaren aldeko lanari" ekitea "gainerako haustura-destakamentuekin".
Bide hil bat
"Guretzat argi geratu da PCEren bidea bide hil bat dela Alderdi Komunista berreraikitzeko", seinalatu dute gazteek: "PCE, Trantsiziotik, Ordenaren Alderdiaren parte integral bat da, eta Ordenaren Alderdia erreformaezina da". Hori guztia argi islatzen da, PCEren barruan, "potentzialtasun iraultzailearen antolaketa aurrera eraman nahi duen edozein militanteren bizitzan", azaldu dutenez: "Modu basatian erreprimituko dute, bai ideologikoki bai antolakuntzari dagokionez".
Hala, PCE "likidaziorantz" doala iritzi diote harekin apurtu duten militante gazteek, "guztiz oportunista den hamarkadetako praktikaren lokatzean sartzen ari den bitartean". Praktika horrek, "estrategia erreformista-demokratikotik" hasi eta "oinarri errakitikoaren eguneroko praktikaraino" hartzen du, "joko parlamentarioaren gorabeherei eta kontzientzia burgesaren erreprodukzioari" lotuta.
Bereizketa, funtsezko lehen urrats bat
"Baina jakitun gara zatiketak ez duela haustura erabat gauzatzen. Kontrara, aurreneko urratsa baino ez da", ohartarazi dute PCEtik bereizi diren gazteek. "Dena den, ezinbesteko pauso bat da zatiketa; burokraten eta politikari profesionalen zaintza itogarritik askatzea ahalbidetuko digun pauso bat, jomuga izan dadin komunismoa errealitate politiko eta antolakuntza-errealitate bat bilakatzea, eta ez praktika erreformistaren eskutik doan ideal bat", xehatu dute.
"Zatiketarik gabe ez litzateke egongo hausturarik, baina programa komunistaren berrosaketara eta benetako alternatiba sozialista baten eraketara bideratutako eszisio bat baino ezin daiteke izan haustura komunistaren parte", aldarrikatu du UJCk. Haustura hori, hain zuzen ere, "proletalgoaren Alderdi independentea berreraikitzeko prozesu integrala" dela azaldu du, "bilakaera historikoak hura lurperatu duenean".
"Norabide horretan modu eraginkorrean aurrera egiteko gakoa", zehazki, "orain arte eszisio horiek guztiak ezaugarritu dituen aldebakartasuna gainditzea" dela uste dute gazteek. "Zatiketaren aldebakartasuna gainditzeak, behartzen du ulertzera zatiketa horrek programa komunistaren inguruan bateratzean daukala bere beharrezko atzealdea", gaineratu dute.
Hedatzen ari den prozesu bat
"Gu baino lehen, bide hori ibiltzen hasiak dira beste burkide batzuk. Askotariko lurraldeetan ikusi dugu gazte iraultzaileen antolakuntzak nola jarri dituen kolokan Ordenaren Alderdiaren hainbat sekzio, eta nola nola jarri dituen oinarriak antolakunde komunista handi bat eratzeko, eredu izango dena gazteria proletario osoarentzat", nabarmendu du UJCk.
Hala, prozesu horri guztiari ekarpena egiteko borondatea erakutsi du, "eztabaida estrategikotik" eta kideen "esperientzia militantearen azterketa autokritikotik"; hori guztia, "batasun arrazionala" oinarritzat hartuta. Batasun arrazional horrek, hain justu, ahalbidetu beharko luke aipatutako eztabaida "parte bakoitzaren lorpenen eta akatsen aitortza kolektiboak determinatzea". PCErekin hautsi duten militanteak, beraz, prest azaldu dira "Prozesu Sozialistaren aurrerakuntzan ekarpena egiteko", ulertuta prozesu horren "aurreneko adierazpenak" besterik ez direla haiek emandakoa bezalako pausoak.
Hautatu beharra
"Garai honen ezaugarri den erabateko krisiaren aurka", parez pare jartzen da "hautatu behar argi bat", UJCren esanetan: "Aspalditik gure artean dagoen basakeria bati eustea edo klase-botere antolatu bat eratzea, gai izango dena esplotatzaileak menderatzeko eta klaserik gabeko mundu bati bide egiteko". Mundu horretan "ekoizpena beharrak bideratuko" luke eta "elkartutako ekoizleek modu kontzientean antolatuko lituzkete euren bizitzak"; "hori da azken helburua", gazteek gogorarazi dutenez. "Baliabideak orainean eraikitzen duguna dira. Haustura ez baita adierazten: eraiki egiten da", azpimarratu dute.
EPS eta independentzia politikoaren aldeko aldarria
Atzo, UJCk ezohiko kongresuaren berri eman bezain pronto, hitza hartu zuen Prozesu Sozialistaren aldeko Elkarguneak (Espacio por el Proceso Socialista, EPS) ere. "Mila traizioren alabak dira komunismoaren izena zikintzen duten alderdi-egitura zaharrak. Ezin da ezer espero horien barruan", adierazi zuen EPSk, PCEri eta UJCE izandakoari erreferentzia eginda. Hortaz, bi aukera atera zituen mahaira berak ere: "Traizioari eustea, oportunismoa eta klaseen arteko kolaborazioa elikatzen jarraitzea eta basakeria kapitalista kudeatzeko aspirazioa izaten segitzea", edo "ondare ustel horrekin haustea, gure klasearen emantzipaziora bidean modu kontsekuentean aurrera egiteko". EPSk oroitarazi du horixe izan dela UJCEren ezohiko kongresuan ebatzi behar izan duten dilema, eta argia izan dela emaitza: gehiengoak erabaki du PCErekin haustea eta "Mugimendu Sozialistara batzeko bidean aurrera egitea".
"Gero eta gehiago dira Kapitalaren ezkerrarekin apurtzeko bidera batzea erabakitzen duten gazteak, proletalgoaren independentzia politikoan oinarritutako proiektu batekin konpromisoa hartuta", jakinarazi dute EPSko kideek: "Gero eta gazte militante gehiago dira jakitun oraineko indar guztiak bideratu behar direla benetako Alderdi Komunista bat eraikitzera, langile klasearen emantzipaziorako baliabidea dena".
EPSk aldarrikatu du "eginbeharrik berehalakoena" dela "gure klasearentzat berriz ere erreferentzia bat izango diren antolakunde komunista handiak eraikitzea". "Bide politiko bat irekitzen ari da, gure garaiko erronkei aurre egiteko gai den bakarra. Klase-independentziaren bidea da hori", erantsi du: "Komunistak proiektu horren baitan batzea premia saihetsezin bat da".