Azken lau hilabeteetan, Espainiako Estatuko hainbat hiritan aurkeztu dute Coordinadora Juvenil Socialista (CJS): Madril, Granada, Sevilla, Valladolid, Albacete, Badajoz, Burgos, Murtzia, Zaragoza, Guadalajara, Caceres, Villalar, Gijon eta Zafran, hain zuzen ere. Jakinmin eta interes handia sortu ditu antolakunde berriak, eta jendetsuak izan dira aurkezpen-saioak.
Joan den martxoan egin zuten agerraldi bat lurralde ugaritako gazteek, CJSren sorreraren berri emateko. "Gure etorkizunari aurre egiteko bide posible bakarra sozialismoarena dela ziur izanda hartu dugu erabakia", aldarrikatu zuten. Jakinarazi zuten "gazte langileentzako erreferente izango den antolaketa politiko handi bat eraikitzeko lehen urratsa" izango dela CJS martxan jartzea, "kultura berri bat sortzeko", oinarritzat izango dituena "lan militantea, klase-elkartasuna eta internazionalismoa".
Horren ostean jardun dute antolakunde berria han-hemenka aurkezten, lanerako abiapuntutzat izango duten proposamen politikoaren eskutik.
Kultura berri baten sorrera
"CJSren proposamen politikoaren aurkezpenak arreta handia jaso du toki oso desberdinetan, tokiko testuinguru oso desberdinetan eta tradizio politiko oso desberdinekin", azaldu du antolakundeko militante batek. Horren "funtsezko faktorea" ondokoa dela uste du: "proposamen komunistaren elementu unibertsalak".
Datorren ikasturteari begira, erronka modura azpimarratu du aurkeztutako proiektua "finkatzea, egonkortzea eta garatzea", funtsezko helburu baten eskutik: "gaitasuna izatea interes politiko borrokalariak dituen gazte bakoitzak sozialismoan ikus dezan sakontzeko proposamen bat; bai eta konpromisoa hartzeak eta militantziatik ekarpena egiteak merezi duen proiektu bat". "Militantzia- eta borroka-kultura sozialista berri bat" sortzearekin lotu du hori, zer eta "pasibotasun sozial eta politikoko une batean".