Gazako Zerrendan telekomunikazio guztiak, argindarra, ur eta erregai hornidura eta Internet konexioa etenda dauden honetan; hilabetean, Gazan soilik, sionisten bonbardaketek 7.000 palestinar baino gehiago erail dituzten honetan; soldadu sionistak Gaza lurretik erasotzen hasi diren honetan, milaka eta milaka pertsona kalera atera dira Bilbon (Bizkaia), sionistak egiten ari diren sarraskia eta beren konplizeak salatzeko, eta palestinar erresistentzia aldarrikatzeko. Bilboko Bihotz Sakratutik hasi da manifestazioa gaur, 18:00etan, Gora palestinar erresistentzia. Sionismoa genozida lelopean.
Joan den astelehenean, jendaurrean aurkeztu zituzten mobilizazio deialdia eta horrek oinarri duen manifestua, hamar puntu jasotzen dituena. Gaurkoan, aldarri eta seinalamendu horiei azpimarra egin diete mobilizazio jendetsu baten bidez. Gogorarazi dute estatu sionistaren "bonbardaketa gogorrak eta blokeo krudela" jasaten ari direla Gazako palestinarrak, eta Zisjordanian ere areagotu egin dela kolono sionista faxisten nahiz Israelgo okupazio-indarren indarkeria palestinarren kontra. Nabarmendu dute, beraz, "ez gaudela Hamasen kontrako gerra baten aurrean, herri baten genozidioaren aurrean baizik". Ohartarazi dute, gainera, palestinarrek 75 urte luze daramatzatela estatu sionistaren "kolonialismoari, apartheidari eta garbiketa etnikoari" aurre egiten.
Manifestazioan hitza hartu duten kideek gogor salatu dute Mendebaldeko estatuen jarrera, Palestinarekin elkartasunez izaten ari diren adierazpenak eta ekintzak "jazartzea eta erreprimitzea" erabaki dutelako, eta "apartheid israeldarra sostengatzen" dutelako. Zentzu horretan, "Mendebaldeko gobernuak, enpresak eta alderdi politikoak" seinalatu dituzte, estatu sionista legitimatzeagatik eta euren "konplizitateagatik eta kolaborazioagatik".
Horren kontrara, gaurko mobilizazioaren amaieran berriz aldarrikatu dute ez dela "distantziakideak izateko unea": "Bakearen izenean alde bietatik biolentzia etetera deitzen duten diskurtsoek parekatu egiten dituzte zapalduak eta zapaltzaileak, eta herri baten autodefentsa-erresistentzia ezin da parekatu entitate militar kolonial inperialista batekin".
"Palestina aske izango da edo ez da izango", gaineratu dute: "Gure ustez, irtenbidea Israelgo Estatu sionistaren desagerpenaren bidetik izango da, deskolonizazio prozesu bati lotuta; ibaitik itsasora arteko Palestina aske baten eraikuntza, errefuxiatutako eta erbesteratutako palestinarren itzulera, eta palestinar preso politiko guztien askatasuna ahalbidetuko duena".
Horri lotuta, dei argi bat egin dute Euskal Herrian: antolatzeko deia zabaldu dute, "Palestinarekiko elkartasun aktiboa erakusten jarraitzeko" eta "adierazpen sionista bat bera ere ez normalizatzeko"; besteak beste, estatu sionistarekiko "boikot, desinbertsio eta zigor ekimenak sustatuta".