ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/23 11:37

Iruñeko (Nafarroa) Gaztelu Plazan egin du gaur agerraldi bat Palestinarekin Elkartasuna plataformak, urriaren 4an Nafarroako hiriburuan bertan antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitzeko. la bi urte igaro dira 2023ko urriaren 7tik, hain zuzen ere, "palestinar erresistentziak iniziatiba hartu ondoren Israelek bere azken ofentsiba odoltsua abiarazi zuenetik". "Data hori gogoan", Palestinar erresistentzia aurrea. Israel desegin lelopean egin dute deialdia: Antoniuttitik irtengo da mobilizazioa, 12:00etan.

"Izugarri larriagotu da egoera azken bi urteetan, eta are gehiago larriagotzen ari da azken hilabeteetan, bereziki Gazako palestinarrentzat", ohartarazi du plataformak: "Ezin da ahaztu Zisjordaniako palestinarren egoera, Israel lurralde osoa anexionatzeko prozesuan aurrerapausoak ematen ari baita, iparraldea eta hegoaldea bereiziko duten koloniak eraikiz".

Bi estatuen aterabideari buruz

Mendebaldeko hainbat alderdi politiko eta agintari ari dira "bi estatuen aterabidea" aldarrikatzen, eta horren inguruan ere hitz egin du gaurkoan Palestinarekin Elkartasunak. "`Proposamen horrek, bideraezina izateaz gain, Israelen proiektu koloniala legitimatzen du, eta zerikusia du Mendebaldeko herrialdeek genozidioaren ardura gainetik kentzearekin", seinalatu du: "Kolonialismoarekin ez dago elkarbizitzerik. Ez dago bizikidetza posiblerik Israelgo entitate sionistarekin". Horiek horrela, "Palestina osoaren deskolonizazioa" eta "Israelgo Estatu kolonialaren desagerpena" aldarrikatu ditu.

Palestinako erresistentziaren defentsan

Urriaren 4ko mobilizazio-deialdiari lotuta, bi aldarri egin ditu plataformak. "Palestinar erresistentziaren defentsa" egin du batetik, "egoeraren ardura erresistentziaren gain kokatzen duten diskurtso kriminalizatzaileak" salatuz, "Palestinak bere burua defendatzeko eskubide osoa" duela babestuz; eta, "erresistentziagatik ez balitz, palestinar herria aspaldi desagertuta" legokeela ohartaraziz. Bestetik, "Israelen konplize diren gobernuei, alderdiei eta enpresei presioa egiten jarraitzeko deia" luzatu du.

"Israel sorreratik izan da Estatu Batuetako eta Europako politikari eta enpresarien aliatua, eta adierazpen hutsalen gainetik, gaur egun horrela izaten jarraitzen du", xehatu du. Horiek horrela, uste du "genozidioaren amaiera" ez dutela ekarriko "nazioarteko komunitateari egiten zaizkion eskaera inpotenteek, Espainiako Gobernuaren eta bere sostengu diren alderdien keinu hutsalek, ezta agintarien adierazpen hipokritek ere". Kontrara, iritzi dio "genozidioaren amaiera gobernu, enpresa eta alderdien konplizitatearen aurka internazionalki borrokatuz" lortuko dela; "mobilizazioa, boikota eta ekintza zuzena bultzatuz".

NO HAY COMENTARIOS