ACTUALIDAD / Derecho burgués
Palacio de Arozteguia enpresak diru publikoko 18 milioi euro jaso behar dituela dio auzitegi batek
Aroztegiko makroproiektuaren aurkako protestak ez eragotzi izana leporatuta, Nafarroako Gobernua kondenatu nahi du proiektuaren atzean dagoen enpresa konpentsatzera. Protesta horiengatik, zazpi pertsona epaitu eta 10.000 eurorainoko zigorrak ezarri zizkieten.
2026eko uztailaren 2 - 08:15
Palacio de Arozteguia enpresak diru publikoko 18 milioi euro jaso behar dituela dio auzitegi batek

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko gaien salak (TSJN gaztelerazko sigletan) ontzat eman ditu Palacio de Arozteguia SM enpresak Nafarroako Gobernuaren aurka aurkeztutako kexak. Horiek horrela, ebatzi du gobernuak diru publikoko 18 milioi euro eman behar dizkiola enpresa horri, argudiatuta Foruzaingoa "geldirik" egon zela Aroztegiko makroproiektuaren aurkako protestetan eta horrek kalteak ekarri zizkiola Palacio de Arozteguiari. Izan ere, mobilizazioak zirela-eta, ezin izan zituen proiektu txikitzailea gauzatzeko obrak nahi bezala hasi.

Arrazoi horregatik, makroproiektuaren sustatzaileek eskatzen zuten 26 milioi euroko kalte-ordainak kobratzea Nafarroako Gobernutik. Auzitegiak onartu egin du eskaera, baina ez eskatzen zuten zenbateko osoa: izandako galeren erantzukizunaren zati bat enpresarena berarena dela esan du, beharrezko "segurtasun-neurriak" ez hartu izanagatik.

Horren aurretik, erreklamazioak Nafarroako Gobernuaren eta Estatuko Administrazio Orokorraren aurrean aurkeztu zituen Palacio de Arozteguiak, kalte-ordainak eskatzeko. Auzitegi Nazionalak atzera bota zituen eskaerak, bai foruzainek bai guardia zibilek "estandar arrunten" arabera jokatu zutela defendatuz.

Orain Nafarroako Gobernuaren aurkako ebazpen bat mahai gainean dagoela, helegite bat aurkeztuko du hark, Noticias de Navarra-ren arabera: Javier Remirezek gogorarazi duenez, Auzitegi Nazionalak emandako beste irizpide batean, legez kontrakotzat jo zituzten Aroztegiko makroproiektuko obrak: horien esleipena baliogabetzat hartu zuten, bai administratiboki bai judizialki, "gardentasun" falta eta "berdintasun" baldintzen urraketa argudiatuta. Hala ere, lanekin aurrera jarraitu zuen enpresak.

Palacio de Arozteguiak 2021eko apirilean ekin zien obrei Baztanen, hotel bat, golf-zelai bat eta luxuzko ehunka etxebizitza eraikitzeko asmoz. Proiektu txikitzailearen aurkako mobilizazio eta protesta-ekintza ugari izan ziren garaian, eta horrela lortu zuten lanak oztopatzea. Ekintza horiengatik, zazpi pertsona epaitu zituzten iaz, zigor-eskaera ikaragarri altuekin. 2025eko amaitzean izan zen epaiketa. Irailean eman zuten ebazpena: ez zituzten akusatuak espetxeratu, baina ia 10.000 eurorainoko isunak ezarri zizkioten bakoitzari, "bortxaz" nahiz "intimidazioz" Aroztegiko makroproiektuaren obrak eragoztea egotzita.