ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ikasle-greba eta gazte-akanpada iragartzeko agerraldia.
2024/10/15 09:39

Aurrera doa Urdaibain Guggenheim eraikitzeko proiektua: udan bota zuten Dalia fabrika Gernikan (Bizkaia), eta udazkenean ekingo diete Gernika-Murueta bideko obrei. Urrats horiek guztiek erakusten dute "erakundeek Urdaibairen bihotzean Guggenheim museoak eraikitzeko erabakiarekin jarraitzen dutela", Gernikako Egurre Gazte Asanbladak salatu duenez. Hori dela-eta, beharrezkotzat jo du makroproiektuaren kontra "kaleak hartzea eta mobilizatzea", eta bat egin du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak larunbat honetarako antolatu duen manifestazioarekin.

Horretaz gain, hainbat deialdi egin ditu bezperarako: eskualde mailako ikasle-greba bat eta gazte-akanpada bat prestatu ditu ostiral honetarako, urriaren 18rako, Guggenheimn proiektuari ezetz esateko. Ikasleen grebari lotuta, manifestazio bat egingo dute 12:30ean, Gernikako Institututik hasita. Horren ondoren hasiko da 24 orduko gazte-akanpada, Gernikako Pasealekuan.

Akanpadaren barruan, hamaika ekimen antolatu ditu Egurrek: "herri-apainketa", hitzaldi bat (Makroproiektuen kontra, gazteok lehen lerrora), mural margoketa eta Smooth eta Eskkoren kontzertuak izango dira ostiral arratsaldean; eta mahai-inguru bat (Guggenheim Urdaibai Stop eta Guggenheim Ez plataformen eskutik), jolasak eta bertso-saio bat egingo dituzte larunbat goizetik. Larunbat arratsaldean emango diote amaiera gazte-akanpadari, eta Guggenheim Urdaibai Stopek 18:00etarako deitu duen manifestaziora batuko dira gero.

Guggenheim: noren mesederako?

"[Guggenheim eraikitzeko] Proiektu berri horrek Busturialdearentzat bultzada ekonomikoa eta onura ekologikoa ekarriko omen ditu, instituzioen esanetan", seinalatu du Egurre Gazte Asanbladak: "Guk argi dugu enpresarien interesei erantzuten diela proiektuak, eta eskualdeko biztanleria osoari onura ekonomikoa ekartzetik urrun, Urdaibain eta Busturialde osoan eraiki nahi duten negozio turistikoaren parte direnei soilik ekarriko diela aberastasuna, gainerako guztion pobretzearen kontura".

Asanbladako kideek nabarmendu dute makroproiektuak "inpaktu nabarmena" izango duela "langile-klasearen bizi-baldintzetan, eta bereziki gazteon kasuan": "alokairu turistikoen hedapena, prezioen gorakada orokortua, lan-baldintza prekarioak, kultur inposaketa, aisialdiaren pribatizazioa", eta abar.

Ekosistemaren suntsipena

Bestalde, Egurrek salatu du "Urdaibaiko ekosistema zaurgarrienetan makroeraikuntzen ugaritzea eta masifikazioa" sustatuko dituztela Guggenheimen bitartez. "[Proiektuak] Orokorrean eragingo duen turistifikazio-prozesuak Biosfera Erreserbaren suntsipena etengabe bultzatuko du", ohartarazi dute asanbladako kideek: "Turismo berdearen banderapean maskara ekologista jarri arren, ez gaituzue engainatuko".

EAJ eta PSOE eskutik

"Makroproiektuaren bultzatzailea EAJ alderdia izan da, eta PSOEren Espainiako Gobernua bere aliatu nagusia", seinalatu dute. Hala, azaldu dute bi alderdiek "elkarlanean" jarri dutela martxan proiektua, hura "gure poltsikoetatik ateratako diru publikoarekin finantzatuz, legedia aldatuz zein komunikabideetan informazioa desitxuratuz". "Beste
behin erakutsi dute instituzioak eta legedia kapitalisten tresnak direla, haien interesen arabera erabiltzen eta moldatzen dituztenak", gaitzetsi dute gazteek.

"Ez dugu Guggenheim proiektua nahi, ez Muruetan, ez Gernikan, ez inon", argitu dute: "Antolatzea eta borrokatzea baino ez zaigu gelditzen. Politikarien borondatearen zain egon ordez, langileok klase moduan erantzun behar diogu makroproiektu turistiko honi. Eta borroka horretan gazteok lehen lerroan egon behar gara".

NO HAY COMENTARIOS