ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/26 23:53

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) protesta-ekintzak egin ditu Euskal Herriko hainbat ospitaletan, osasungintzaren desegitea eta kolapsoa salatzeko, eta osasun-baliabide guztien sozializazioa aldarrikatzeko. Zehazki, Arabako Unibertsitate Ospitalean (Gasteizen), Donostiako Unibertsitate Ospitalean, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean (Iruñean), Baionako ospitalean eta IMQren Bilboko ospitalean zabaldu ditu aldarri horiek EHKSk.

IMQ aurrean hartu du hitza Ander Goiatxe EHKSko bozeramaileak, antolakundeak berak argitaratutako bideo batean jasotzen denez. Goiatxek seinalatu du "oligarkiaren finantziazio-iturriak itxi izanaren ondorio" direla osasun-zentroetako "itxaron-zerrenda amaigabeak edo lehen arretaren kolapsoa", eta "osasun-zerbitzu publikoen desegitearen" parte dela hori guztia.

Hala ere, EHKSk esan du kolapsoak eta desegiteak ez diela berdin eragiten dirudunei eta gizartearen gehiengoari: "Dirudunak osasun-sistema pribatura joan daitezke, hitzorduak azkar lortzeko edo probak egun batetik bestera egiteko. Beste aldean, berriz, gizartearen gehiengoak ondorio larrienak bizi ditu, ez baitu kolapsatutako zerbitzu publikora joatea besterik".

Dinamika horrekin guztiarekin, "sistema pribatuaren atzean dauden enpresari, bankari eta politikariak" aberasten ari direla salatu du, gainera, Goiatxek. Ohartarazi du alderdi parlamentario batek berak ere ez duela zalantzan jartzen osasun-sistema pribatua, eta horren adibidetzat jo ditu Nafarroako Aurrekontuak: "PSOE, EAJ-Geroa Bai, EH Bildu eta Podemosek, osasun-sistema pribatuari atea ixtetik urrun, OPUSen klinika bezalako entitate pribatuen finantziazioa handitu dute".

Osasunarekin negozioa egitea "marra gorritzat" dauka EHKSk, Goiatxek berak adierazi duenez. Horregatik, argitu du antolakundeak "osasun pribatuaren baliabideen sozializazioa" exijitzen duela. Kalitatezkoa eta doakoa izango den osasun-sistema unibertsala lortzeko, erroko aldaketak beharrezkotzat jo ditu bozeramaileak: "Aberastasuna gutxi batzuen eskuetan dagoen gizarte honetan, ezinbestekoa da enpresari eta bankarien irabaziak espropiatzea eta osasun-baliabide guztiak, publikoak eta pribatuak, langileon kontrolpean jartzea; langile boterea eraikitzea". Norabide horretan borroka egitera deitu du EHKSk.

NO HAY COMENTARIOS