"Biktimen duintasunaren errespetuarekin bateraezinak" diren ekitaldiak zigortzeko, bide berri bat irekitzeko asmoa agertu du Espainiako Gobernuak: "erregimen zigortzaile berri bat" sortuko dute, preso politikoen harrera ekitaldien aurka egiteko.
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak egin du iragarpena, Espainiako Senatuan, UPNren galdera bati erantzunez. Ministroak azaldu duenez, bide administratibotik ere zigortu nahi dituzte aurrerantzean preso politikoei ongi etorria emateko ekitaldiak, eta Terrorismoaren Biktimen Babes Integralerako Legea moldatuko dute horretarako.
Espainiako zuzenbide penalean delitu gisa jasota daude "terrorismoa goratzea" eta "biktimen umiliazioa", baina ekitaldi asko ezin izan dituzte bide horretatik zigortu. Horregatik moldatu nahi dute 29/2011 legea. Gobernu Kontseiluko eta parlamentuko tramitea pasatu behar dute horretarako.
Antzeko proposamenak eginak dituzte lehenago, besteak beste, PPk eta Ciudadanosek. AVT elkarteak, esaterako, milioi bat euro arteko isunak aurreikusi zituen Mariano Rajoyren gobernuari egindako proposamen batean.