ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/18 15:40

Gaur arratsaldean elkarretaratze bat egin dute Eusko Jaurlaritza aurrean, Gasteizen (Araba), okupazioaren aurkako lege-aldaketari ezetz esateko. Izan ere, Espainiako Senatuan betoa jaso ostean, bihar itzuliko da neurriari buruzko eztabaida Diputatuen Kongresura, eta beste bozketa bat egingo dute. Gaurko protestan, hala, exijentzia bati eutsi diote manifestariek: okupazioa gogorrago zigortzeko eta kaleratzeak azkartzeko erreformari ezezko botoa ematea, eta "okupazioaren kriminalizazio oro gelditzea".

Euskal Herriko hainbat Gaztetxek eta kolektibok batu dituzte indarrak jeltzaleek proposatutako lege-aldaketaren kontra. Beharrezkotzat jo dute "okupazioaren aurkako ofentsibaren ondorioak pairatuko ditugunok geure kabuz antolatzea eta okupazioaren kriminalizazioa borrokatzea"; "bai bihar eztabaidatuko den neurriaren kontra, baina baita Kongresuan dauden beste bi proposamenen kontra ere". Dei egin dute okupazioaren "kriminalizazio mediatikoaren, desokupen eta okupazioa kriminalizatzen duten alderdi nahiz agente guztien aurka" borrokatzera.

Bi ondorio

Gaurko protestan ohartarazi dute bi ondorio nagusi izango lituzkeela neurriak, beti ere, "jabetzatik kanporatua den langileriak" jasango lituzkeenak. Okupazioa epaiketa bizkorraren bitartez epaitzea izango litzateke ondorio nagusia, eta, beraz, edonolako desalojoak bizkortzea, "etxebizitza eskubidea asetzeko edo antolakuntzarako espazioetara sarbidea izateko aukerak" murriztuz. Bestalde, "okupazioa gogorrago zigortuz, lortzen den gauza bakarra faxismoaren proposamena normalizatzea eta legitimatzea" dela seinalatu dute kontzentrazioan: "Hori faxismoari bidea irekitzea da".

Alderdi politikoak erantzule

Protestaren deitzaileek salatu dute, gainera, neurriaren alde bozkatu duten alderdi politiko guztiak direla erantzule. Euskal Herriko indarrei dagokienez, EAJk eta EH Bilduk eman zuten baiezko botoa azaroan: "EAJk, euskal burgesia nazionala ordezkatzen duen heinean, klase jabedunaren interesak defendatzeko legeak egiten ditu zuzenean. [...] EH Bilduk [...] akatsaren ondorioen ardura guztia hartuko zuela zioen arren, horretarako aukera sortu zaion lehen momentuan atzera bota da. [...] Garbi ikusi da okupazioa beste politika batzuk negoziatzeko sakrifikatu dezakeen truke-txanpon bat besterik ez dela".

NO HAY COMENTARIOS