Espainiako Diputatuen Kongresuak Prozedura Kriminalaren Legea aldatu eta astebetera, agerraldi bat egin dute Euskal Herriko 56 Gaztetxe, espazio eta kolektibotako kideek, Gasteizen (Araba). Aldaketa horren bidez, okupazio bidez eskuratutako espazioak edo etxeak prozedura azkarraren bitartez epaitzea onartu zuten Kongresuan, EAJk proposatuta eta EH Bildu, PP, UPN, CC, ERC eta Junts alderdiek babestuta. Horrek esan nahi du aukera zabaldu dutela desalojoak eta etxe-kaleratzeak azkarrago agintzeko.
Eragile ugari elkartu dira, hala, okupazioaren aurkako legea salatzeko: okupazioaren legitimitatea aldarrikatu dute, okupazioaren kriminalizazioa gaitzetsiz. Atzoko agerraldian azaldu zutenez, hainbat ondorio dakartza okupazioa gogorrago zigortzeak: langileriaren "etxebizitza eskubidea zapaltzea", "langileriaren eskubide politikoak zapaltzea" eta "langileria kriminalizatzea", nagusiki.
Izan ere, etxebizitza eskubideari dagokionez, "gero eta zailagoa bada etxe bat ordaintzea eta ez badago beste alternatibarik", okupazioaren aurkako legeriak onartzea "familiak kalean egotera kondenatzea" dela ohartarazi zuten. Eskubide politikoei dagokienez, gogorarazi zuten ez dagoela antolatzerik espaziorik gabe, eta "okupazioaren kontrako legeek Euskal Herriko ondare politiko, sozial eta kulturalak izan diren Gaztetxeak galtzen joatea" dakarrela. Bestalde, kriminalizazioari buruz, salatu zuten halako neurriek "politikari profesionalengan konfiantza jartzera" bultzatzen dutela, "tonu paternalista batekin".
"Guk ez dugu horrelakorik onartzen", esan zuten argi: "Gure ustez zilegia da jabetzatik kanporatuta dagoen langileriak espazio hutsei jardun politiko-kulturalerako zein etxebizitzarako erabilera ematea". "Okupazioa zigortzen duen neurri oro langileria zigortzen duen neurri bat" dela ulertuta, "instituzioen fartsatik kanpo, langileriaren etxebizitza eskubidearen alde nahiz eskubide politikoen alde" lanean segitzera deitu zuten.
Jeltzaleak eta EH Bildu, okupazioaren aurka
"EAJren partetik etengabea da, zuzenean edo zeharka, okupazioa ukitzen duten kolektiboen kontra duen jarrera. Gaztetxeen historian zehar garbi ikus daiteke hori", seinalatu zuten agerraldian: "Parlamentuko bideak ere hori erakusten du, beti egon baita okupazioaren kontra ateratako legeen atzean". Adibide modura aipatu zituzten 1996ko legea, usurpazioa lehenengoz delitutzat jo zuena, edota okupazioaren aurkako 2018ko legea. "EAJk euskal burgesia nazionalaren proiektua babesten du, eta ez langileriarena", gaineratu zuten.
Hala ere, azpimarratu zuten "inoizko gobernurik aurrerakoienaren legealdian" egin duela aurrera okupazioaren kontrako azken legeak, eta alde bozkatu zutela, besteak beste, EH Bildu, ERC eta Juntsek. Alderdi horien "ardura eta jarrera kolaboratzailea" seinalatu zituzten, hortaz: "Ezkerreko adierazpenek akats bat izan dela dioten arren, badakigu Kongresuan izaten diren akatsak negoziatutako akatsak izaten direla [...]. Eta badakigu [...] gurekin ez direla harremanetan jarriko. Behin Kongresuan onartuta, neurriak ez du atzera-bueltarik, eta [...] indarrean sartuko da".
Zigorraren kudeaketa
Atzoko agerraldian, bestalde, lege-aldaketak ekarriko dituen ondorio batzuk zehaztu zituzten. Lehenik eta behin jakinarazi zutena da "epaiketaren denborak izugarri murriztuko" direla, eta "desalojoak arinago egitea ahalbidetzen" duela horrek. "Epaiketa azkarragoa izaterakoan, frogak eta defentsarako aukerak murriztu egiten dira eta, horrenbestez, epaiketa batean kontuan hartzen diren frogek pisu txikiagoa dute", argitu zuten.
Salatu zuten, pixkanaka, unean-unean froga daitezkeen auzietara mugatzen ari direla prozedura judizialetako eztabaidak: "Beste hitz batzuetan esanda, dirua nork duen, hark du arrazoia". Agerraldian elkartu zirenek abisatu zuten, gainera, "jabe txikiekin pentsatzen" sortu dutela araudi berria, eta ondokoak direla oinarriak: "erdi-mailako klasearentzat edo burgesiarentzat legeak egitea", "langileriak ordaindu beharko dituen kalte-ordainak nola kudeatuko diren zehaztea", eta "miseriaren kudeaketa hori langileriaren aldeko legeria bat izango balitz bezala saltzea".
"Okupazioa ez da desagertuko miseria sortzen duen gizarte batean bizi garen bitartean. Izan ere, hori da gizarte honen ezaugarri nagusienetariko bat, aberastasuna sortzen duen bitartean, miseria sortzen duela", ondorioztatu zuten bat egin duten eragileetako kideek: "Egungo gizarteak funtzionatzen jarraitu dezan existitzen diren instituzioak, miseria hori gestionatzera bakarrik mugatu daitezke, eta erakusten ari diren gestioa zigorraren gestioa da".
"Okupazioa kriminalizatzea, okupazioaren aurkako legeria gogortzea, Poliziaren eskumenak handitzea, polizia gehiago jartzea, segurtasun-sistemak bultzatzea, elkartasunean oinarritutako kolektiboak talde kriminal bezala hartzea eta abar, miseriaren kausatzat miseria hori pairatzen duen pobrea jartzea da. Hau da, langileria miseriara kondenatu, eta langileria bera aurkezten dute arduradun gisa", laburbildu zuten.
Momentuz batu direnak
Oraingoz, Euskal Herriko 56 espazio eta taldek egin dute bat aldarriarekin: Abadiñoko Gaztetxea, Abetxukoko Gazte Batzordea, Altsasuko Gaztetxea, Andoaingo Igara espazioa, Anoetako Gazte Asanblada, Aramaio Tropikaleko Gazte Asanblada, Arrasateko Gaztetxea, Atxondoko Gaztetxea, Azkoitiko Gazte Asanblada, Azpeitiko Gaztetxea, Barañaingo Gazte Asanblada, Beasaingo Melmak Gaztetxea, Bidasoko Gazte Langileon Asanblada, Bilboko Erraila Gunea, Errondoko Auzo Etxea eta Etxarri II Gaztetxea, Burlatako Gaztetxea, Donostiako Birunda espazio autogestionatua, Infernua Bizirik, Letaman Gaztetxea, Malda Gazte Asanblada eta Txantxarreka Gaztetxea, Elorrioko Gaztetxea, Durangoko Kaletik Gaztetxera asanblada, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Garaziko Gaztetxea, Gasteizko Gaztetxea, Arkillos 10 eta Siberia Gazte Asanblada, Gernikako Egurre Gazte Asanblada, Getariako Gaztetxea, Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxea, Ibarrako Gazte Asanblada, Igorreko Kiñu Gaztetxea, Iruñeko Matalaz Txokoa, Itsasuko Goxoki Gaztetxea, Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitatea, Larraungo Printza, Laudioko Gazte Asanblada, Orbeko Etxea eta Suberri Gazte Asanblada, Legutioko Gaztetxea, Lekeitioko Gaztetxea eta Mozolomendi, Lizarrako Sugarra Gaztetxea, Mendillorriko Gazte Asanblada, Mutrikuko Gaztetxea, Ondarroako Gaztetxea, Ordiziako Gaztetxea, Orioko Gaztetxea, Otxandioko Gazte Asanblada, Tolosako Gazte Asanblada, Zaldibiako Gaztetxea, Zarauzko Danda Gazte Asanblada, Zestoako Gaztetxea eta Zornotzako Matrailu Gaztetxea.