ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Novaltiako langileen pankarta. Argazkia: @NHuelga
2020/06/24 16:34

Novaltiako Bizkaiko langileek bi elkarretaratze egingo dituzte ekainaren 25ean, Laudion (Araba). Carlos Fuertes farmazian izango da lehena, 11:00etan. Bigarrena, berriz, ordubete beranduago izanen da, Egia Solaun farmazian. Hitzordu horretan prentsaurrekoa eskaintzeko asmoa adierazi diote langileek Aiaraldea-ri.

2019. urteko uztailaren 22an ekin zioten greba mugagabeari, lan-hitzarmen berria eskuratu asmoz. 900 eurotik gorako soldatak eta langileen arteko soldata-arrakala ezabatzea eskatu zituzten, besteak beste. Langile berrien diru-sarrerak gutxieneko soldatatik gertu zebiltzala salatu zuten, eta enpresaren jarduera nagusietan aritzen diren azpikontratatutako beharginen kopurua ere kezkagarritzat jo zuten. Hori dela eta, azpikontratazioa mugatzea edota aldi baterako kontratatutakoen baldintzak hobetzea aldarrikatu zuten.

Ia urtebete borrokan

Botika-banaketan jarduten duen enpresa bat da Novaltia, eta langileek 2019ko uztailaren 22tik daramate greba mugagabean, hainbat arrazoi medio. Beharginek ohartarazi dute urte eta erdi zeramatela lan-hitzarmen berria negoziatzen, eta azkenean ez zirela zuzendaritzarekin akordiora iritsi. 2019ko otsailean, enpresak hitzarmena kendu eta sektoreko akordioa ezarri zien. Gainera, urte bereko abuztuan, Zaratamoko (Bizkaia) biltegia Zamudiora (Bizkaia) mugitzea erabaki zuen zuzendaritzak.

Soldata debaluazioa

Patronala "soldata eskala" delako neurria aplikatzen ari da, grebalariek "bidegabetzat" jotzen dutena. Langile berriek gainontzeko kideek baino soldata murritzagoa jasotzea eragiten du neurri horrek, %35 gutxiago, zehazki. Hori gutxi balitz, kontratu berrienak dituzten beharginei "gehiegizko baldintzak" ezartzen dizkiete; enpresak nahi izatekotan, jaiegun eta igandeetan lan egitera derrigortuta daude, adibidez.

Jazarpen laborala

Grebalariek salatu dutenez, enpresak ez dio uko egin biltegiko funtzio nagusiak kanporatzeari, eta borrokan diren kideei "jazarri" egin die. Epaiketa bat egon zen gertakari horien harira, eta zuzendaritzaren jarrera ez zen inola ere aldatu; alderantziz, espedienteak ireki zizkien zenbait langileri.