AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/05/08 09:31

Gaur, maiatzak 8, 291. greba eguna dute Novaltia farmazia-enpresako Zaratamoko (Bizkaia) langileek. 2019. urteko uztailaren 22an ekin zioten greba mugagabeari, lan hitzarmen berri baten defentsan. Besteak beste, uztailetik eskatu dute 900 eurotik gorako soldatak izatea eta langileen arteko soldata-arrakala ezabatzea (kontratatu berriek gutxieneko soldatatik gertu kobratzen dutela salatu izan dute), enpresaren jarduera nagusietan aritzen diren langileen azpikontratazioa mugatzea, edota aldi baterako kontratatutako beharginen baldintzak hobetzea.

Novaltia da EAEn farmazia-salgaien banaketan jarduten duen enpresa nagusia, eta iazko urtearen hasieran, enpresako hitzarmen berriaren inguruko negoziazioak hautsi zituen. Hala, estatu mailako hitzarmena ezarri zuen.

GREBA ESKUBIDEA, URRATUTA

Novaltiako Bizkaiko beharginek martxoan salatu zutenez, alarma egoera ezarrita, Eusko Jaurlaritzak "beharrezkoak ez ziren gutxieneko zerbitzuak" onartu zizkion enpresari. Hala, zortzi hilabeteren ostean, 12 grebalari behartu zituzten haien lanpostuetara itzultzera.

2013. urtean jaio zen Novaltia, Aragoiko eta EAEko banaketa-enpresa nagusien (Aragoifar eta Vascofar) fusiotik. EITB-ren arabera 200 langile inguru ditu soldatapean, lau lantegi logistikotan: Gasteizen (Araba), Zaratamon (Bizkaia), Zaragozan (Aragoi) eta Calatayuden (Aragoi).