ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/14 00:35

Europan azken hamarkadetan izan den "nolabaiteko bake-egoera" lausotu eta "gerrak gure egunerokoan berriro ere garrantzia hartu" duen honetan, gaur egun larriagotzen ari den "gorakada belikoa" seinalatu eta hitza hartu dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek ere. Zortzi aldarri zehatz mahaira ateratzeaz gain, mobilizazioak antolatu dituzte martxoaren amaierarako eta apirilaren hasierarako, "kapitalisten gerra gaitzesteko", "NATOren esku-hartze estrategia inperialista eta propaganda gerrazalea" seinalatzeko, eta "egungo gobernua osatzen eta babesten duten alderdi guztien kolaborazioa" agerian uzteko.

"Gerra inperialista basakeria kapitalistaren adierazpenik gordinena da, nazioarteko oligarkiak krisi garaian irabaziak handitzeko duen ezinbesteko tresna"

"Gerra inperialista basakeria kapitalistaren adierazpenik gordinena da, nazioarteko oligarkiak krisi garaian irabaziak handitzeko duen ezinbesteko tresna", adierazi dute Kontseilu Sozialistek gerrari dagokionez. Beharrezkotzat jo dute gaur egun azaleratzen ari diren gertaera belikoak ere "klase ikuspegitik aztertzea, burgesiaren komunikabideen propagandatik harago", horrek ahalbidetuko duelakoan "egungo koiuntura proletalgoaren ikuspuntutik eta beharretatik ulertzea eta hari aurre egitea".

Betiereko galtzaileak eta aurreikusi ezin diren eraginak

Azken urteei erreparatuta, gerra-hotsak ez dira inola ere berriak, nolabait urrunekoak eman arren, Kontseilu Sozialistek ohartarazi dutenez. "Ez dira garai errazak izan Mendebaldeko hegemoniara azpiratutako herrialdeentzat. Delegazio bidezko gerra periferikoek hirugarren munduko lurralde asko suntsitu dituzte, eta, beste batzuen kasuan, zigorrek eta blokeo ekonomikoek (Kuban, Venezuelan, Sirian…) ondorio izugarriak eragin dituzte hainbat herrialdetako sektore xumeengan", ekarri dute gogora.

"Metaketa kapitalistaren krisiak eta horren ondoriozko atzeraldi ekonomikoak eragin dute orain arteko bitartekoak nahikoa ez izatea Mendebaldeko oligarkiaren irabaziak ziurtatzeko. Horrek gerra gure ateetaraino ekarri duen gorakada beliko bat sortu du", esan dute Kontseilu Sozialistek gaur egungo agertokiari dagokionez: "Mendebaldeak Euromaidanaren bitartez bultzatu zuen estatu-kolpeak, zeinari Donbasseko Herri Errepublikek zortzi urtez aurre egin dioten, eta, ondoren, NATOren Ekialderanzko hedapenari erantzunez Errusiako klase kapitalistak Ukrainan bultzatutako esku-hartze militarrak, gerrari bide eman diote".

"Gerra honetan, bai ala bai, langile klasearen behe-geruzak izango dira galtzaile: ihes egiteko baldintza ekonomikorik gabe, lubakietara bultzatu edo etxetik indarrez kanporatu dituztenak. [...] Elite oligarkikoak milioika proletarioren bizitzak ari dira arriskuan jartzen"

"Gerra honetan, bai ala bai, langile klasearen behe-geruzak izango dira galtzaile: ihes egiteko baldintza ekonomikorik gabe, lubakietara bultzatu edo etxetik indarrez kanporatu dituztenak", nabarmendu dute Kontseilu Sozialistek. Oroitarazi dute, gainera, "gerrak aurrez jakin ezin ditugun ondorioak" ere badituela, eta "errealak" direla "Errusiak eta NATOk elkar suntsitzeko mehatxuak", bai eta "arma nuklearren erabilerarako aukera". "Elite oligarkikoak milioika proletarioren bizitzak ari dira arriskuan jartzen", gehitu dute.

NATOren berrarmatzea, AEBen eskutik

"Hegemonia ziurtatzeko helburuz, Mendebaldeko oligarkia bere aparatu politiko-militarra berrarmatzen hasi da: NATO", seinalatu dute Kontseilu Sozialistek. "AEBak buru dituela, jardun beligerantea indartu du: gorakada belikoa Ukrainan, Txina edo Errusia bezalako bloke geopolitikoekiko gerra ekonomikoaren hedapena, bere kide diren herrialdeen gastu militarraren hazkundea, berrarmatzea eta maila handiko gerrarako prestaketa, eta abar", laburbildu dute.

"Hegemonia ziurtatzeko helburuz, Mendebaldeko oligarkia bere aparatu politiko-militarra berrarmatzen hasi da: NATO"

Europako oligarkien jarrera

"Ukrainako esku-hartzeak oligarkia europarraren zati handi bati abantaila ekonomiko handiak eskaintzen zizkion aliantza eurasiarra suntsitu du; bereziki, tokiko kapital industrialean inbertsioak dituen eta Errusiako gas merkeaz hornitzen zen frakzioari", jarri dute testuinguruan Kontseilu Sozialistek. "Hala eta guztiz ere, NATOren estrategia auzitan jartzetik urrun, Europako estatuek, Europar Batasuna buru dutela, bultzatu egin dituzte gerrarako aurrekontuak, Errusiaren aurkako zigorrak edota tentsio belikoa Ukrainan", azaldu dute.

"Europako egitura politikoa" NATOn erabat "integratuta" dagoela iritzi diote Kontseilu Sozialistek, "ezkerreko zein eskuineko alderdiei" erreferentzia eginda. "Mendebaldeko oligarkia finantzarioarekiko eta AEBekiko subordinazioa" ere erabatekoak direla salatu dute.

"Europako oligarkiak bere gerraren kostu ekonomikoa langileriaren bizkar jartzeko politika multzo bat indartu du"

Egoera horretan, Europako oligarkien jarrera "bere gerraren kostu ekonomikoa langileriaren bizkar jartzeko politika multzo bat indartzea" izan dela uste dute Kontseiluek, eta "irabaziei eusteko" egin dutela hori. Horren adibide modura aipatu dituzte "interes tasen igoera, energiaren eta beste oinarrizko produktu askoren prezioen gorakada, edota zerbitzuen murrizketak". Azken urtean banku handien (+%13), energia-enpresen (+%109 Europako lau nagusien kasuan) eta multinazional handien irabaziak areagotu egin direla gogorarazi dute, eta, bitartean, "etengabe" egin dutela okerrera "proletalgoaren bizi-baldintzek".

Gerraren errelatoa

Horren guztiaren ondorioak "ez dira mugatzen soilik esparru ekonomikora eta militarrera", Kontseilu Sozialisten arabera: "Azken urte honetan, informazioa kontrolatzera eta gerraren inguruko errelato bakarra inposatzera bideratutako ofentsiba bizi izan dugu Europar Batasunaren eta haren gobernuen aldetik".

"Azken urte honetan, informazioa kontrolatzera eta gerraren inguruko errelato bakarra inposatzera bideratutako ofentsiba bizi izan dugu"

Esaterako, RT edo Sputnik komunikabideen "blokeoa" aipatu dute, "herritarrei informaziorako sarbidea murriztu diena", bai eta "ikuspegi kritiko batetik informatu zezaketen pertsonen eta eragileen kontrako jazarpena", Pablo Gonzalez kazetariaren kasuan bezala; urtebete darama Poloniako kartzeletan bahiturik. "Bere baldintzarik gabeko askatasuna eta absoluzioa galdegiten ditugu", aldarrikatu dute Kontseiluek.

Faxismoaren itzal luzea

"Neurri horiek guztiak Estatuaren inboluzio autoritarioan kokatu behar ditugu: eskubide politikoen murrizketarekin, pobreen kriminalizazioarekin, kontrol sozialaren indartzearekin edo presentzia polizialaren areagotzearekin batera", testuinguratu dute. Baldintza horiek guztiek "faxismoaren gorakada eragiten" dutela ere izan dute kontuan, "krisiari aurre egiteko erantzun atzerakoi eta baztertzaile gisa": "Gero eta gehiago dira proletalgoa eta gutxiengo zapalduak kriminalizatzen dituzten alderdi eta taldeak".

"Euromaidanaz geroztik ezkerreko militanteak jazartzen, torturatzen eta erailtzen dituzten naziak geroz eta indar handiagoa hartzen ari dira Ukrainan"

Kontseiluek berriz gaitzetsi dute "erregimen ukrainarraren parte diren sektore naziak" zuritzen ari direla Mendebaldeko komunikabideetan, eta, hori gutxi balitz, "hainbat gobernu ari dira sektore horiek armaz eta babes logistikoz hornitzen, politika parlamentarioan antzezten duten faxismoaren aurkako babes-hesiaren gainetik", adierazi dutenez. Gogoan izan dute, hain zuzen ere, Ukrainako erregimena izan dela "bere lurraldean komunismoa legez kanpo utzi duena", eta Euromaidana izan zenetik "geroz eta indar handiagoa" dutela "ezkerreko militanteak jazartzen, torturatzen eta erailtzen dituzten naziak".

Sozialdemokrazioa ere guztiaren parte

Europako sozialdemokraziaren jarrera ere agerian geratu da testuinguru horretan, Kontseilu Sozialisten ustez. Espainiako Estatuari begiratuta, "historiako gobernurik aurrerakoienak" 2023. urterako aurrekontu militarra %25,8 igo duela azpimarratu dute, "inbestidura-blokearen babesarekin". Podemosek, Izquierda Unidak (IU), EH Bilduk edota Esquerra Republicana de Catalunyak (ERC), beraz, "NATOren berrarmatze-estrategia onartu" dute finean, Kontseiluen esanetan.

Zortzi aldarri eta hiru mobilizazio

Gauza horiek guztiak markatuta, kalera ateratzera eta mobilizatzera deitu dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek, NATOren kontra, gerra eta basakeria kapitalista gelditu lelopean. Hiru manifestazio antolatu dituzte, martxoaren 31rako bat eta apirilaren 1erako bi. Baionan (Lapurdi) izango da martxoaren 31ko mobilizazioa, eta Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa) apirilaren 1ekoak.

Mobilizazio horiei lotuta, Kontseilu Sozialistek zortzi aldarri konkreturen bidez laburbildu dute euren jarrera-hartzea:

  1. Gerra inperialistari ez. NATOri ez.
  2. Gerra ekonomikoari ez.
  3. NATOren lurralde hedapenari ez.
  4. Gerra-politiken etetea. Armen bidalketari ez. Aurrekontu militaristei ez.
  5. Mendebaldeko oligarkiak proletalgoaren aurka martxan duen ofentsiba ekonomikoari ez.
  6. Manipulazioari eta komunikabideen nahiz kazetarien zentsurari ez. Informaziora sarbidea izateko askatasuna.
  7. Eskubide zibilen eta politikoen murrizketari ez. Proletalgoaren kriminalizazioari ez. Komunismoaren ilegalizazioari ez.
  8. Nazismoaren aurpegi zuriketari ez, ez Ukrainan ez beste inon.

Proletalgoaren independentzia politikoa

Horrekin batera, Kontseilu Sozialistek berriz egin diote azpimarra "proletalgoaren independentzia politikoa eraikitzeko beharrari", proletalgoa "dominazio kapitalista gainditzeko eta eliterik eta gerrarik gabeko gizarte komunista eraikitzeko beharra eta benetako interesa duen klase bakarra" dela iritzita. "Gizarte komunistaz ari garenean, ongizate kolektiboan eta elkartasun internazionalistan oinarritutako gizarteaz ari gara, arpilatzea eta berekoikeria kapitalista suntsituko dituena", zehaztu dute.

"Proletalgoa da dominazio kapitalista gainditzeko eta eliterik eta gerrarik gabeko gizarte komunista eraikitzeko beharra eta benetako interesa duen klase bakarra"

Hortaz, "proletalgoarentzat basakeria kapitalistatik askatzeko berme bakarra indar politiko independente gisa eratzea" delakoan daude Kontseiluak; "oligarkiaren aginduetara azpiratuko ez den boterea eraikitzeko eta sozialdemokraziak dakarkion inpotentzia gainditzeko". "Norabide horretan, proletalgoa nazioarteko mailan mugimendu iraultzaile gisa artikulatzeko beharra mahaigaineratu nahi dugu: Kapitalaren aurka eta muga eta bloke geopolitikoen gainetik, elkartasuna askapenerako indar erreal bihurtuko duena", biribildu dute.

NO HAY COMENTARIOS