Joan den ekainaren 14an bete ziren 50 urte Nafarroan greba orokorrak leher egin zuenetik. Horri lotuta sortu du dokumental bat Iruñerriko Kontseilu Sozialistak: 1973ko greba orokorra, langile mugimenduaren motor. Kontseilu Sozialistako kideek jendaurrean aurkeztu dute jada ikus-entzunezkoa, Alde Zaharreko Geltokin nahiz Errotxapea auzoko Errotaberrin, garaiko zenbat protagonistarekin batera. Esaterako, Andoni Zaro Motor Ibéricako langile ohia eta Jose Luis Diaz Monreal Potasaseko behargin ohia izan dira dokumentalaren aurkezpenean, hitza hartuta.
1973ko greba orokorra, langile mugimenduaren motor sarean ere ikus daiteke jada. Youtube plataformaren bidez eman du argitara Kontseilu Sozialistak, lotura honetan.
Ez zen edonolako greba izan
1973ko ekainean, bizi-bizi zegoen langileen eta zuzendaritzaren arteko gatazka Motor Ibérica enpresan; uzta-makinak ekoizten zituzten bertan. Ekainaren 12ko gauean, fabrikak hilabete zeraman geldirik, eta hil ala biziko borroka batean ari ziren beharginak: makineria atera eta eraman zezatela galarazi nahi zuten. Orduan, baina, kolpeka bota zituzten lantegitik, eta Guardia Zibilak lagunduta, fabrikatik makineriaz betetako trailerrak ateratzea lortu zuen enpresako zuzendaritzak.
Horren aurrean, ekainaren 13an, Errotxapeako El Salvador elizan itxialdia egin zuten langileek, eta deialdi potolo bat egin zuten Nafarroan hurrengo egunerako: greba orokorrera deitu zuten. Deialdiak erabateko babesa izan zuen Iruñean eta Nafarroa osoan, eta hamabi egunez luzatu zen greba orokorra.
"Espainiako Gerra Zibilaren ostean, ordura arte nagusiki kontserbadorea zen Nafarroan izandako lehen greba orokorra izan zen, baita Espainiako Estatuko lehenetako bat ere", azaldu dute Kontseilu Sozialistako kideek. "Iruñean inoiz izandako klase-borrokaren adierazpen-unerik indartsuenetakotzat hartu izan da", gaineratu dute.
Bi lekukotza
Nagusiki, bi protagonistaren testigantzak bildu dituzte dokumentalean: lehen aipatutako Zarorena eta Diazena. Ikus-entzunezkoan, lehenik eta behin, Motor Ibéricaren Noaingo (Nafarroa) lantokian gatazka nola piztu zen azaltzen da: prima baten ez-ordaintzea izan zen abiapuntua, eta hortik heldu zen gerora lantegiaren itxiera, langileen lanuzteen aurrean zuzendaritzak jarritako zigor modura.
Lantegiz lantegi Motor Ibéricako beharginekiko hedatu zen elkartasunaz ere hitz egiten dute elkarrizketatuek, eta modu horretan heltzen diote babes horren puntu gorenari: ekainaren 14ko greba orokorrari. Langile batzordeek deialdiarekin bat egin zuten modua eta 14an hasi zen lanuzte handia egunez egun azaltzen ditu dokumentalak, baita askotariko polizia-indarren aldetik izan zen errepresio gogorra ere.
Borroka horri guztiari esker lortu zen akordioa ere xehatzen dute ikus-entzunezkoan: fabrikako jarduera berriz ere martxan jartzea eta aurretik zigortutako langileak Motor Ibérican edo beste lantegi batzuetan lanean hastea lortu zen. Zerrenda beltzen ondorioz, ordea, lau behargini ez zieten utzi jarraian lanean hasten; horixe da, hain justu, elkarrizketatuetako baten kasua.
Langile klasearen historia
Nafarroako greba orokorraren 50. urteurrenean, oroimen politikoaren garrantziari azpimarra egin dio berriz Kontseilu Sozialistak. "Ezinbestekoa da gertakari horiek gogoratzea, ez bitxikeria historiko soil gisa, ezta iraganeko garai hobeen nostalgia gisa ere; baizik eta memoria politiko gisa, langile klasearen eta ez beste inoren historia gisa, betiere oraingo borrokekin loturan, eta horiek orduko irakaspenekin elikatuz", sakondu du: "Langileriaren independentzia politikoak, klase batasunak eta elkartasunak eta langileriak bere indarrez borrokarako eskubideak konkistatzeak duen garrantzia erakusten digute; gaurko eta biharko borrokak ere ardaztu behar dituzten printzipioak".