Nafarroako garbitzaileek grebara jotzeko erabakia hartu zuten apirilaren 6an, murriztutako lanaldiak handiagotzearen, ordainketen KPIaren gaineko igoeraren nahiz baja-osagarrien eta horien ordainketa osoa berreskuratzearen alde egiteko.
Nafarroako Gobernuak %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatu dizkie hezkuntzako garbitzaileei, haien greba egiteko eskubidea zapuztuz. Beharginak Nafarroako Hezkuntza Sailaren egoitzaren aurrean bildu dira gaur protesta egiteko, eta Ikasle Abertzaleakeko eta Itaiako kideak bertaratu dira langileen askatasun politikoak babesteko.
Izan ere, hitzarmen kolektibo berria adosteko prozesuan dago garbiketa sektorea Nafarroan eta, patronalaren jarrera ikusita —eskakizunak onartu ez eta "mahai negoziatzailetik altxatu" baitziren otsailaren 4an—, beharginek lanuzteei ekingo diete apirilean zehar. Zehazki, apirilaren 13tik 16ra eginen dute greba eta hura luzatu edota mugagabe bihurtu daitekeela ere jakinarazi dute.