ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/10/22 20:53

Kataluniako azken gertakarien inguruko hausnarketa kaleratu berri du Gazte Koordinadora Sozialistak. Lehenik, elkartasuna adierazi die azken asteetan errepresioa jasan duten guztiei; "espetxeratuen berehalako askatasuna" eskatu du, eta "burgesiaren morroien eta talde faxisten" aurka eman den erantzuna txalotu du.

GKSk adierazi du "muntai politikoa" izan dela Procés-aren aurkako sententzia. Horrekin batera, azken gertakariek "gazte belaunaldien eta antolakunde demokrata burgesen arteko haustura" mahai gainean jarri dutela dio; eta kaleetan ikusi ahal izan diren adierazpen desberdinek, "Kataluniako alderdi politiko burgesen mobilizazio agenda gainditu dutela" ere azaldu du. Hala, "proiektu politiko nazional kontajarriak" egon badaudela nabarmendu dute GKSko kideek; hain zuzen, "Kataluniako langileriaren proiektu politiko nazionala, eta enpresari eta politikari profesionalen nazioa".

Askatasun politikorako bermea

Aldi berean, Kataluniako azken gertakariak Espainiako Estatuko "demokrazia liberalaren" parte direla nabarmendu dute: "Burgesiaren diktadura da Espainiako Estatuaren oinarria". Azken asteetan, oinarrizko eskubideak "ukatu" egin ditu Espainiako Estatuak, GKSren ustetan. Horren aurrean, adierazi du langile antolakuntza dela "oinarrizko eskubideen berme bakarra". Bide beretik, "Estatu Sozialistaren" aldeko aldarria egin dute; "hori baita proletargoak askatasun politikoa izateko berme bakarra".

Azkenik, Euskal Herriko hainbat herritan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera dei egin du Gazte Koordinadora Sozialistak.

Komunikatua osorik irakurtzeko, egin klik hemen