Gaur, hilak 25, Bilboko (Bizkaia) Ingenieritza Fakultatearen aurrean elkartu dira Ikasle Abertzaleak antolakundeko hainbat militante, datorren martxoaren 26rako, osteguna, egun osoko greba deitzeko. "Unibertsitateko tasak merketzea eta bekak hobetzea" ezarri dute helburu gisara, eta aldarrikapen horrek eman dio lema grebari: Tasak merketu, bekak hobetu. Auzi horretan, IAk beharrezkotzat jo du unibertsitateetan, bigarren mailako hezkuntzan nahiz lanbide heziketan "indarrak biltzea eta aldarrikapenen gauzatzean aurrerapauso bat ematea".
IAko kideek mobilizazioak iragarri dituzte martxoaren 26rako, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Ofentsibari aurre
Gaurko agerraldian azaldu dutenez, azkeneko hamarkadan, krisi kapitalista azaleratzearekin batera, "okertu egin dira langile klasearen bizi baldintzak". Ofentsiba horren adierazle modura aipatu dituzte "prekarietatea, langabezia eta murrizketak".
Fenomeno horiek Ongizate Estatuaren "galera prozesuaren fruitu" direla dio IAk, eta argudiatu du horri guztiari aurre egin beharrean aurkitzen dela langileria; "bereziki, ikasleok". Mekanismo eraginkorren bidez, "ikasleria langilea antolatzeko", "baldintzen okertze orokorrari aurre egiteko", eta "hezkuntza prozesua langileon interesen arabera antolatzeko" premiei jarri die azpimarra ikasle antolakundeak.
UIBren aldarrikapenak indartu
Langileen bizi baldintzen aurkako erasoen aurrean defendatzeko, ikasle autodefentsa sareen eta Unibertsitateko Indar Batasunaren sorrera nabarmendu du IAk. Hala, gogorarazi du UIBk "unibertsitateko langileriaren borrokaren zutabetzat" hartu duela tasen eta beken auzia.
Duela egun gutxi, tasak murrizteko eta bekak hobetzeko lehentasunezko bost aldaketa proposatu eta aurkeztu zituen UIBk, hainbat arazo zehatz seinalatzeaz gain; esaterako, tasen garestitzea, errepikatutako matrikulak, gutxieneko kredituen gainditzea, gutxieneko kredituen matrikula eta gradu aldaketak.
Bost aldarrikapen horiek "indartzeko eta gauzatzeko" asmoz deitu du IAk martxoaren 26ko ikasle greba.
Epe luzerako borroka
Tasak merketzeko eta bekak hobetzeko helburuak ez direla greba deialdiaren bidez beteko jakin arren, "datozen hilabete eta urteetako helburuak izango direnei ekarpena egitea" dagokiela adierazi dute IAko kideek. Grebaren potentzialari dagokionean, gobernuak, Euskal Herriko Unibertsitatea zein Nafarroako Unibertsitate Publikoa aldarrikapen horiek "negoziatzera eseri daitezen behartzeko pauso garrantzitsu" modura ikusi dute.
Problematika orokorra
IAko kideen ustez "akats larria" litzateke tasen eta beken arazoa soilik unibertsitateko ikasleei dagokiela pentsatzea. Izan ere, "ikasketa prozesu osoaren garestitzeari galga jartzeko eta doako hezkuntzaren norabidean aurrerapauso bat emateko" ekarpen gisara ulertzen dute martxoko greba.
Horrek, problematika "ikasle guztion auzi" bihurtzen duela azaldu du IAk. Gainera, hezkuntzaren kostuen garestitzea "langile klasearen sektore desberdinak interpelatzen dituen auzia dela uste du IAk; irakasle, garbitzaile edo mantenu lanetako beharginetatik hasi, eta guraso, ikasle eta autobus gidarietaraino.
"Hezkuntzarako aukera erreala" izatea, "printzipio politiko unibertsala" dela ere nabarmendu du IAk. Hortaz, "batasunez jarduteko apustua" berretsi eta martxoaren 26ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.