ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/04/03 17:51

Aberri Egunaren harira, aurten ere adierazpen politiko bat argitaratu du Gazte Koordinadora Sozialistak, Euskal Estatu Sozialista eraikitzen lelo hartuta. "Euskal Herri aske baten" inguruko ulerkera politikoa plazaratu dute gaurkoan GKSko kideek, "batasun nazionalaren ideia interklasista eta abstraktua" eta nazio eraikuntzarako ulerkera komunista bereizita: "Nazioarekiko guztiz potentzialitate politiko desberdinak dituzte egun".

GKSk azpimarratu duenez, "Euskal Herriaren askatasuna ezin da eskuratu baldin eta ez bada burgesiaren boterea bere konplexutasun guztian desegiten", eta ondorengo hitzen bidez definitu du "Euskal Herri aske bat": "esplotazio ekonomikorik gabeko lurraldea, zeinetan askatasun politiko unibertsala gailenduko den eta denbora luzez zapaldutako kultur-elementuak indartu eta horien garapen askerako baldintzak existituko diren". Horrek, ezinbestean, "klase arteko dominazioa suntsitzea" eta "Espainiako eta Frantziako estatu burgesen menderakuntza" gainditzea galdegiten duela adierazi dute GKSko kideek.

"Enpresaburu handien boterea zein horien gizarte klasista suntsitzeko" bidean, bestalde, funtsezkotzat jo dute "proletariotzaren antolakuntza komunista indartzea", "askatasun politikoen hedapen unibertsala" erdiesteko. Horri lotuta, "gizarte egitura burgesean jazotzen ari diren euskararen merkantilizazio, pobretze eta suntsipen saiakeren aurrean, euskararen erabilerari lehentasuna ematen" jarraituko dutela diote. "Gizarte unibertsal baten eraikuntzarako beharrezko pentsamendu nahiz jokaera ereduak bultzatzen ditugu", gaineratu dute.

IKUSPEGI KOMUNISTAREN POTENTZIALTASUNA

GKSko kideen esanetan, nazioaren eraikuntzarako ikuspegi interklasistak, "nazioaren askatasunerako erretorika" izan arren, Euskal Herria Frantziako zein Espainiako estatuen menpeko bihurtzen du bere "jardun politiko-instituzionalen" bitartez, eta "indargabetu" egiten ditu "jendarte kapitalistaren sistema apurtzeko" edota "nazio auziari erantzuteko" baldintzak.

Bestetik, ulerkera komunistatik, nazioaren eraikuntzak "nazioen garapen askerako baldintzak jartzeko" potentzialtasuna baduela adierazi dute, "langileria xumearen kontrolpeko ekoizpen eredua osatu" eta "zapaldutako kulturak askatzeko borondate politikoa praktikara eraman" nahi duelako.

Gainera, "askatasunezko lurralde-marko batek beragandik harago antolatzen den botere-egitura" bat dakarrela azpimarratu du GKSk, baita "botere burgesa nazioartean borrokatuko duen estrategia komunista baten beharra" ere. Euskal Estatu Sozialista eta Alderdi Komunista Internazionala, beraz, "elkar elikatuko" diren "proletariotzaren botere modalitate" gisa kokatu ditu.

Euskal Herriko lurralde guztietan antolakuntza komunista indartzen jarraituko dutela adierazi dute GKSko kideek, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza helburu. Preso politikoen amnistia aldarrikatu, eta Euskal Estatu Sozialista "eduki komunistaz betetzera" dei egin dute gaur, "memoria politikoa, askatasuna eta grina iraultzailea bizirik mantenduko" dituen botere eredu modura ulertuta.

Nabarmendu dute, gainera, "mundu ikuskera bat adierazten" dela "errealitatea eraldatzeko eguneroko jardun militantean". "Euskal Herri aske baten alde gure ekarpena egiteko asmoz gabiltza egunerokotasunean. Izan ere, modu horretan ere eraikitzen da Euskal Herri askea, jardun militantean oinarritutako harreman sareen bitartez".