Espainiako Estatuko bigarren presidenteorde Yolanda Diazek atzo piztu zuen ilusioa enegarrenez: PSOErekin akordio bat lortu zutela esan zuen, eta Mozal Legea delakoaren zati bat indargabetuko zutela, "kazetaritza jardunean kode deontologikoa urratzen dutenei dirulaguntza eta finantzaketa publikoa ukatzeko", besteak beste. Gezurrak hanka motzak ditu, ordea: PSOE eta Sumar alderdietako kideek eurek gerora jakinarazi zuten zer den zehazki adostutakoa, eta ez dute inondik inora deuseztatuko Herritarren Segurtasunerako Legea.
Legediko bi artikulu moldatzea hitzartu dute PSOEk eta Sumarrek, Pedro Sanchez presidenteak berriki iragarritako "eraberritze demokratikoaren" barruan. Alde batetik, zigor kodeko 525. artikulua aldatuko dute, itxura denez, "erlijiozko sentimenduen" kontrako delitua ezeztatzeko. Bestetik, Koroaren kontrako delituak baliogabetzea ere aurreikusi dute.
Badirudi, gainera, aldaketak egingo dizkiotela Mozal Legeko 36. artikuluari ere: kazetariek polizia-agenteen irudiak hartzeari buruzko arauak moldatuko omen dituzte.
Diputatuen Kongresuan aurkeztu dute jadanik PSOEren eta Sumarren arteko akordio hori, baina ez dute xehetasunik eman. Ikusteke dago zer bide egingo duen itunak, eta erreforma onartuko duten edo ez.
2015ean sartu zen indarrean Mozal Legea deiturikoa, PPko Mariano Rajoy presidente zela. Ordutik, ezkerreko indarrek hamaika aldiz hitzeman dute indargabetu egingo dutela neurri errepresiboen sorta, baina inoiz ez dute hitz hori bete, eta martxan jarraitzen du.
Publizitate instituzionala
PSOEk eta Sumarrek hitzartutako neurri-sortak, berez, publizitate instituzionalaren kontrol handiagoa dauka oinarrian, eta horri lotutako hainbat neurri hartu nahi omen ditu Espainiako Gobernuak, "ultraeskuina" mugatzea argudiotzat hartuta. Teorian, "sasikomunikabideei", fake news-ei eta abarri aurre egitea da gobernuaren asmoa, eta nabarmendu du ultraeskuinak tresna horiek erabiltzen dituela "gerra mediatikoan", bere esku dauden instituzioen bidez, besteak beste.
Hain justu, "sasikomunikabide" abstraktu horien finantziazio publikoa mugatu nahi omen du Espainiako Gobernuak, jasotzen duten finantzaketa kontrolatzeko neurrien bidez, antza.