Gasteizko lorezaintzako langile bat kaleratu du Enviserrek, udalak azpikontratatuta lorezaintza-zerbitzuaz arduratzen den enpresak. ESK sindikatuak atzo eman zuen horren berri. Iaz, lorezainak ia 200 egunez egon ziren greban euren lan-baldintzak hobetzearen alde, martxotik urrira bitartean hain zuzen ere. Bada, greba amaitutzat eman eta hamabi egunera kaleratu zuen langileetako bat Enviserrek. Greban parte hartu zuen, eta bera izan zen grebalari "aktiboenetako" bat, ESK-ren esanetan.
Kaleratzea "justifikaziorik" gabea izan zela salatu dute, eta martxoaren 16an izango da kaleratzearen inguruko epaiketa. Aipatutako sindikatuak azaldu du "kaleratzea baliogabetzeko eta Juan gure lankidea berriz onartzeko" exijituko duela epaiketan. Irmotasunez ohartarazi du, gainera: "Erabakia argia da; Juan berriz onartzen ez badute, gatazka berriro aktibatuko da, greba hasi aurretik langileek argi izan zuten gaietako bat baita ez zutela inolako errepresaliarik onartuko grebaren ostean".
Epaiketaren egunean, martxoaren 16an, lau orduko lanuztea egingo dute beharginek, 07:00etatik 11:00etara. ESK eta LAB sindikatuek egin dute deialdia. Horrez gain, 09:00etan elkarretaratuko dira Gasteizko epaitegiaren aurrean. "198 eguneko greba mugagabearen eta mobilizazio etengabearen ondoren, Enviserreko plantillak eraitsi egin zituen enpresak eta udalak beren errebindikazio justuak lortzeko jarri zituzten hamaika oztopoak", gogorarazi dute ESK-tik: "Ez dugu zalantzarik oraingoan ere horrela izango dela, eta Juan berriz onartzea lortuko dugu, 1976ko greben ondoren kaleratutako langileak berriro hartzea lortu zen bezala".
Ikusteke dago zer gertatuko den epaiketan eta zein ondorio ekarriko dituen, baina lorezainak berriz ere borrokara jotzeko prest daude. Aurreko urtean, sei hilabetez baino gehiagoz grebari tinko eustean, sekulako determinazioa erakutsi zuen plantillak: Enviserrek, Gasteizko Udalak (PSOE) nahiz Eusko Jaurlaritzak egindako erasoei (zerbitzu minimoen bidez edo grebalariak ordezkatuz esaterako) eta oztopoei aurre eginez, hobekuntzak lortu zituzten lan-baldintzetan.
Joan den otsailean jakin zen udala erruduntzat jo zuela Lan Ikuskaritzak, lorezainen greba-eskubidea urratzeagatik: grebaren bosgarren hilabetean, horren eragina murrizten saiatu zen udala, eta "modu irregularrean" kontratatu zituen bi langile Olarizun lan egin zezaten.