Siemens Guascorrek duela egun batzuk jakinarazi zion enpresa batzordeari hainbat langile botako dituela Zumaiako (Gipuzkoa) fabrikatik. Orain arte beharginek ez dute jakin zehazki zenbat kaleratze izango diren, ez eta noiz izango den hori. Atzo enpresa batzordeak azaldu zuenez, dagoeneko badute kopuru zehatz bat esku artean: antza, 10 langile kanporatuko dituzte, eta zuzendaritzak aste honetan jakinaraziko die kaleratuak izango direla.
Enpresa batzordeak, erabakiaren aurrean, "desadostauna" agertu du. "Etorkizunerako zein plan" duen ere galdetu die zuzendaritzako kideei, baina ez du erantzunik jaso.
Lanuzte luzeagoak abuztuaren amaieran
Langileek aurreko ostegunean ekin zieten lanuzteei, kaleratzeak izango zirela jakin bezain pronto. Orain, mobilizazioak "areagotzea" erabaki dute, "hamar lankideak ez kaleratzea" helburu.
Hain zuzen, abuztuaren amaieran (oporretatik itzultzen direnean), lan-etenaldiak areagotuko dituzte: abuztuaren amaieran lau ordukoak egingo dituzte, irailean bi ordukoekin hasiko dira, baina astero "egunean ordubete gehiago" egingo dute, "hila amaitzerako lau orduko lanuzteak" osatuz.
Informazio eza
"Siemens gurekin jolasean ari da. Oporren bezperatan egin ditu mugimendu guztiak, ahalik eta informazio gutxien emanez, dena isilik pasatzeko asmotan", salatu du enpresa batzordeak. Bestalde, aldarrikatu du ez dutela kaleratzerik onartuko, "ez Agoitzen ez beste inon".