Euskal Herriko milaka ikaslek heziguneak hustu eta kaleak hartu dituzte gaur, otsailaren 26an, faxismoaren eta inperialismoaren kontra. Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) gorriz markatu zuen gaurko eguna, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) urtarrilean hedatutako olatura batzeko eta mobilizatzen jarraitzeko. Lehen hezkuntzan, lanbide heziketan nahiz unibertsitatean egin zuen mobilizatzeko deia IASek, eta lau hiriburutan antolatu zituen manifestazioak gaurko: Bilbon, Donostian, Iruñean eta Baionan. Eguerdian izan dira lehenengo hiru hirietako manifestazioak, eta ikasle andana atera da kalera, Faxismoaren eta inperialismoaren aurka, ikasle langileok borrokara! aldarritzat hartuta.
12:00etan hasi dira Bilboko, Donostiako eta Iruñeko mobilizazioak; Moyuatik, Bulebarretik eta San Frantziskotik, hurrenez hurren. Manifestazioen amaieran hitza hartu dute IASeko militanteek, eta premiazko zeregin bat azpimarratu dute: "Ikasle mugimendu antifaxista eta antiinperialista handi bat osatzea". Azaldu dute mugimendu horrek "gazteon artean indarra hartzen ari den kultura erreakzionarioari buelta eman" beharko liokeela eta "unibertsitatean faxismoa normalizatzea" eragotzi beharko lukeela; eta, "Palestinaren aurkako protestetan erakutsi bezala, gizarte osoa mobilizatzeko palanka" izan beharko lukeela. Bide-orri horretan, ikasle-antolakundeak beharrezkotzat hartu du "militantzian oinarritutako antifaxismoa hedatzea, mobilizazio handien bidez erantzungo diona faxismoari", eta, "alderdi erreformisten ezintasunaren aurrean, alderdi komunista handien sorreran ekarpena egitea".
Arratsaldean izan da Baionako mobilizazioa, 18:00etan hasita hain zuzen ere. Merkatu Plazatik abiatu dira ikasleak, eta erdiguneko karrikak igaro dituzte.
Borroka antifaxista jomugan
Astelehenean Gasteizen izandako gertakariak ere izan ditu gogoan gaur IASek. Vox alderdi faxistaren probokazioen gainetik edo "EAJren kriminalizazio saiakeren gainetik", "faxismoaren aurkako mezua gailentzea lortu" zuten ikasleek, antolakundearen esanetan. Izan ere, Voxek Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) egindako agerraldian faxista gutxi batzuk elkartu ziren bitartean, ehunka ikasle mobilizatu ziren campusean faxismoaren kontra. Horren aurretik, IASek gogor kritikatu zuen EHUk fakultateak ixteko eta eskolak eteteko hartutako erabakia: "EHUren azken erabakiek ez dute laguntzen faxismoari aurre egiten".
Hurrengo hitzordua: martxoaren 3an, Gasteizen
Gaurko mobilizazio-egunaren ostean, martxoaren 3an izango da IASen hurrengo hitzordua. Hilabeteak daramatza Gasteizko sarraskiaren 50. urteurrenari begira lanean, Gasteizko GKSrekin batera; "faxismoa ez delako iraganeko auzi soil bat, eta atzo egin zutenengatik, gaur eta beti faxismoari aurre egin behar diogulako". Datorren martxoaren 3an greba egitera deitu dituzte ikasleak, eta mobilizazio bat antolatu dute goizerako, 11:30ean hasiko dena Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazatik.