Gaurkoan, eta oztopoak oztopo, faxismoaren aurkako aldarriaren agertoki izan da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gasteizko (Araba) campusa. Vox alderdi faxistak antolatutako agerraldiari erantzunez, ehunka ikasle mobilizatu dira unibertsitate publikoan, Faxismoaren aurka, ikasle langileok lehen lerrora lelotzat hartuta. Voxeko faxistek, beraz, ikasle andana aurkitu dute parez pare, ikasle-mugimendua kriminalizatzeko eta gorrotozko propaganda intoxikatzailea zabaltzeko antolatutako agerraldian.
Irudiak esanguratsuak izan dira: faxista gutxi batzuk bertaratu dira campusera Voxen deialdiaren barruan, komunikabideen jarraipen itzelarekin eta Ertzaintzak babestuta. Jarrera probokatzailea izan dute Voxekoek, gainera, behin eta berriz saiatu baitira manifestari antifaxistengana hurbiltzen. Cake Minuesa probokatzaile faxista ere bertan egon da.
Bestalde, ehunka izan dira faxistei ezetz esateko elkarretaratu diren gazteak, faxismoaren kontrako oihu eta txistu artean. Voxek 12:30erako egin zuen prentsa-deialdia, Unibertsitateko Pasealekuko 7. zenbakian, eta minutu batzuk lehenago bildu dira ikasleak Letren Fakultate inguruan.
Protesta antifaxistaren bukaeran, argi hitz egin dute ikasleek: "Unibertsitateak ez dira mezu faxistak zabaltzeko guneak izango. Kontrara, mezu antifaxistak zabaltzeko eta faxismoari aurre egiteko lekuak izan behar dira". Gogorarazi dutenez, "frankismoaren oinordekoak" dira Voxekoak; "mezu arrazistak, matxistak, LGTBIfoboak, migranteen kontrakoak, mobilizatzearen aurkakoak, langileriaren kontrakoak eta, orokorrean, mezu faxistak zabaltzen dituen alderdi faxista-poliziala da".
Ikasleak Voxi parez pare aurre egiten ari ziren bitartean, unibertsitatetik kilometro batera baino gehiagora egin dute kontzentrazio bat LAB, ELA eta Steilas sindikatuek; Andre Mari Zuriaren Plazan, hain zuzen ere. Faxismoaren aurrean Euskal Herria antiarrazista, feminista eta euskalduna lelopean bildu dira.
EHUren aurpegi zuriketa eta jazarpen poliziala
Ikasle-mobilizazioan berriz salatu dute EHUk gaurko hartutako erabakia, eskolak bertan behera utzi eta fakultateak zarratu baititu: "EHUk unibertsitatea hustu du, baina horrela ez zaio faxismoari aurre egiten. Faxismoari horrela egiten zaio aurre; antolatzen, indarra erakusten. Dena husten badugu, alfonbra gorria uzten diegu [faxistei] beren mobilizazioa egin ahal izateko".
Horrekin batera, azken egunetan eta gaurkoan campusean izandako "Poliziaren presentzia itogarria" gaitzetsi dute gazteek: azken astean, propaganda-lanetan aritu diren ikasleak identifikatu dituzte, eta gaurko ikasle-mobilizazioari ere hamaika traba jarri dizkiote. Gaur, Ertzaintzak goizean goizetik hartu du campusa, Farmazia Fakultatea hesituz besteak beste, eta eskolta eman die Voxekoei.
Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) asteburuan plazaratu zuen ohar bat, Voxen ekitaldiaren aurrean EHUk hartutako jarrera kritikatuz: "Campusa faxistei oparitu eta unibertsitatetik kanpo mobilizatzeak Voxen agerraldia normalizatu besterik ez du egiten".
IASen mobilizazioak ostegun honetan, faxismoaren eta inperialismoaren aurka
Faxismoaren kontrako mobilizazioa, dena den, ez da gaur amaituko Euskal Herriko ikasle-mugimenduarentzat: ostegun honetan, otsailaren 26an, manifestazioak egingo ditu IASek Baionan (Lapurdi), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa) eta Iruñean (Nafarroa), faxismoaren eta oligarkiaren agenda inperialistaren aurka.
📹 EHUko Gasteizko campusa:
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) February 23, 2026
Lehenengo irudietan, Vox alderdi faxistaren probokazio-agerraldia, komunikabide ugariren aurrean.
Hurrengo irudietan, faxismoaren aurkako ikasle-mobilizazio jendetsua. pic.twitter.com/VwtZuB7Ef5